Sorterrian hartutako fedeari lotuta

Juanma Gallego 2018ko eka. 9a, 06:00
Meza georgieraz egiten duten arren, beste herrialdeetako fededunak elizkizunetara bertaratzen dira. / Alea

Ortodoxia urruneko herrialdeetako erlijioa dela eman badezake ere, Araban bada horren aztarnarik. Gasteizen Georgiako eta Errumaniako eliza ortodoxoak daude, eta Errusiako Elizak ere mezak ematen ditu hirian, hilean behin. Etxe atarian dagoen mundu bitxi bezain ezezaguna da ortodoxoena.

Kanpotik ikusita, garaje arrunta dirudi, baina, behin atea zeharkatuta, mundu txiki bat ageri da. Denboran eta espazioan egindako jauzi txikia ematen du. Errege Katolikoen kalean dago Georgiako eliza ortodoxoa. Georgieraz, gazteleraz eta euskaraz agertzen da izena, atarian. San Jorge izeneko Georgiar Ortodoxo Eliza. Meza ematen ari dira orain.

Kantuan ari dira fededunak, kandelen argipean. Gehienak emakumeak dira; zapi koloretsuak dituzte buruan. Hormetan daude hain xelebrea duten biribil itxurako alfabetoan idatzitako mezuak, eta Georgiako bandera handi bat ere bada. Ikurra ez dirudi lekutik kanpo: gurutze handi bat du erdialdean, eta lau gurutze txiki lauki bakoitzean.

Barruko aldean apaiza dago, otoitz egiten. Umeak ere sartu dira. Horiek berdin-berdinak dira lekua guztietan. Jolasean ari dira, zalapartatsu. Baina ez doaz meza entzutera. Gela txiki batean sartu dituzte. Medea Kurashvilik georgiarrak azaldu du zertan ari diren: "Igandetako Eskola txiki bat dugu hemen. Horrela, umeek georgieraz irakurtzen eta idazten ikasten dute, eta haien jatorrizko kultura mantentzeko aukera dute". Erlijioaz harago, garrantzitsuena "elkarrekin egotea" dela dio Kurashvilik. Alboan dagoen Revaz Gaphrindashvili bat dator. "Hona ukrainarrak eta errusiarrak ere etortzen dira. Hizkuntza guztiz desberdina bada ere, haiek gai dira meza jarraitzeko". Nazioarteko harremanetan izaten diren tirabirek ez omen dute tokirik hemen. "Nik lagun errusiar asko ditut", dio Gaphrindashvilik. "Hona etortzen garenok bakea bilatzen dugu, ez politika".

Elkarlana harago doa: hilabetean behin lokala errusiarren esku uzten dute, haiek meza haien hizkuntzan egin dezaten. Horretarako, Madrildik etorri ohi da Andrey Kordochkin aita. Apaizak 14 urte daramatza Madrilen, eta hainbat komunitate ditu bere kargu; tartean, Gasteizkoa.

Ondare komuna

Hamabost bat eliza burujabez osatutako elkargo handia osatzen du Eliza Ortodoxoak. Eliza bakoitzak norberaren apezpikuak izendatzeko eskubidea du, eta baita haien aitalehena izendatzeko. Ohorezko modu batean, ordea, Konstantinoplako aitalehenak du eliza guztien aitortza. Baina Eliza asko dira, hala nola Alejandria, Antiokia, Jerusalem, Mosku, Serbia, Errumania, Bulgaria, Georgia, Txipre, Grezia edota Albaniakoa.

Fededun kopuruari dagokionez, Errusiako Eliza da ortodoxoen artean handiena. Halere, Gasteizen ez dira asko. 15-20 bat biltzen direla azaldu du Kordochkinek, eta, horietatik batzuk Bilbotik edo Iruñetik datozela dio. Eliza katolikoarekin ondare komuna dutela azpimarratu du Kordochkinek. "Beti galdetzen digute katolizismoarekin daukagun aldeari buruz, baina nahiago dugu hitz egitea batzen gaituenari buruz". Abortua, sexu bereko lagunen arteko ezkontza edota eutanasiari buruz duten ikuspuntua berdina da. Aldeei dagokionean, purgatorioa edo induljentzien erabilera aipatu ditu Kordochkinek.

Ez da Gasteizen dagoen eliza ortodoxo bakarra. Santa Luzia auzoan ere meza ematen ari dira. Hasiera batean eliza katolikoa dela ematen du, baina, sakonago ikusita, berehala azaleratzen dira berezitasunak. Hormak ikonoz beteta daude, eta aldarearen tokian eliza ortodoxoen ezaugarri den ikonostasioa ageri da. Apaiza predikuan dago, errumanieraz. Ortodoxian, ezkondutako gizonezkoek apaiz izateko aukera dute. Hala, apaizaren emazte Daniela Ursuk eman ditu lehen azalpenak. "Orain haurrak jaunartzea hartzen ari dira. Zazpi urte bete arte jaunartzea hartzen dute, baina aitortza egin gabe", azaldu du. Elizan beste hiztunen bat dagoela jakinez gero, apaiza aitagurea haren hizkuntzan esaten saiatzen da. Gazteleraz, grezieraz, ingelesez, ukranieraz, errusieraz edota euskaraz, esaterako.

Kasu honetan ere, elizaren inguruan komunitatea eratzen dute. Aurreko astean umeen eguna ospatu dute, 55 ume ingururekin. Meza bukatzean, Radu Ursu apaizak esertzeko gonbita luzatu du. Hiru orduko meza izan da, eta nabari zaio nekea. Ogi sakratu puxka bat partekatu du. Astea lanean eman ondoren, asteburua elizkizunei eskaintzen die, soldata gabe, baina gogotsu. Eliza Katolikoari eskertu dio eraikina eskaini izana, eta komunitateko fededunek eliza mantentzeko egindako lana goraipatu du.

Meza gurutzeari begira egiten dutela azaldu du; noizean behin, apaiza ikonostasioaren barrutik ateratzen da, jendea bedeinkatzera. "Funtsean, gure meza apaizaren eta fededunen arteko kanta jarraitua da". Kultuaren berezitasunak azaldu ditu, baina harrotasun berdinarekin erakutsi du ere elizaren alboko lokaletan egiten dutena. Tartean, umeek kristalen gainean marraztutako ikonoak. "Horietako batzuk oso sinpleak direla ematen du, baina umeek oso ondo kopiatu dute jatorrizko ikonoa". Azalpena du horrek. "Errumania turkiarren menpe egon zenean, jende xeheak ikonoak margotzen zituen, ezkutuan, ahal zuen moduan". Historiaren paradoxak, irudi horien oihartzunak XXI. mendeko Gasteizera iritsi dira.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide