Zapia elkarri eusteko ordua

Mirian Biteri 2018ko eka. 7a, 11:59

Gure Esku Dagok giza katea egingo du igandean; bakoitzak dagokion kilometroan parte hartu ostean, Gasteizen festa giroan elkartzeko deia egin du.

Heldu da euskal herritarrek etorkizun politikoa "libreki eta demokratikoki" erabakitzea aldarrikatzea helburu duen giza katearen eguna. Igandean, ekainaren 10ean, zapi zuriak  lotuta, 100.000 lagunetik gora saretuko dira Euskal Herrian inoiz egin den kate luzeenean. Hori da, behintzat, erronka: Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotzea.

Ekimena aurreikusi duten bezala irten eta inongo arazorik egon ez dadin, hainbat gomendio bidali dizkiete Gure Esku Dagokoek parte-hartzaileei. Besteak beste, honakoa eskatu dute: bakoitzari dagokion kilometrora denborarekin heltzea, errepidearen eskuineko aldean kokatzea, segurtasun arauak errespetatzea, jatekoa eta edatekoa eramatea eta adinekoen kasuan baita aulkia ere. Horrez gain, azpimarratu dute giza katea bukatzean autobusek izango dutela lehentasuna, eta autoak ezin izango direla mugitu 13:00ak arte.

Autobusak, 08:00etatik

Hori horrela, Aiaraldetik eta Gorbeialdetik sakabanatuta egongo diren kilometroetara iristeko egun horretarako antolatutako autobusetan joateko deia egin dute ostera ere. Goizean goiz hasiko dira horiek abiapuntutik irteten; Arabako Errioxakoa, esaterako, 08:00etan irtengo da Oion herritik; Ametzagan partekatuko dute kilometroa Mendialdea, Trebiñu eta Añanakoekin batera.

Bestalde, hiriburuan barrena egingo dituen bost kilometroez gain, beste lau ere izango ditu hiritik kanpo; 194 eta 197 kilometro artekoak. Horietara heltzeko hainbat autobus irtengo dira Judimenditik, Salburutik, Zabalganetik eta Olarizutik, 09:00etan.

Gasteizen bertan, bost kilometroko luzeera izango du kateak. 198. kilometroak Txagorritxu, San Martin, Gazalbide eta Abetxuku hartuko ditu; bigarrenak, Lakua, Sansomendi, Ehari-Gobeu eta Ipar mendebaldeko landa eremua; hirugarrenak, Aranbizkarra, Zaramaga, El Pilar, El Anglo eta Koroatze; laugarrenak, Alde Zaharra; eta azkenak, Lovaina eta zabalgunea. Legebiltzarreko atarian egongo da azken metroaren lekukoa; ALEAk pasa den astean iragarri zuenez, Aroa Arrizubieta gazte gasteiztarrak beteko du zati hori.

10:00etarako, kilometroan

Plangintzari dagokionez, antolatzaileen asmoa da 10:00etarako kilometroetara iristen joatea, eta 11:30erako antolakuntza guztia prest izatea. Ordu erdi beranduago hasiko da giza katea; 12:30ean amaituko da seinale batekin. Ekitaldia irauten duen bitartean, adierazpena irakurriko da Legebiltzarreko atarian.

Behin ekitaldia bukatuta, parte-hartzaileen irteera bideratuko dute, eta horren ostean, Gasteizera joateko gonbita egin dute Gure Eskukoek, jai giroa izango  baita han nagusi. Alde Zaharra hartuko du festak. 13:30etik, bazkari gunea egongo da Buruileria plazan, eta 15:00etan hainbat gune egokituko dituzte auzoko kantoietan: San Marcosen Freestyle askea izango da; Santa Marian Lumenen kontzertua; eta Santa Anan Dj Lororena. Ttek Elektrotxaranga ere 16:00etatik abiatuko da, Fariñasetik, kaleak girotzeko asmoz.

 



Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago