Ibilgailu elektrikoen lehenengo lehiaketa egingo dute larunbatean

Erredakzioa 2018ko eka. 7a, 10:11

Euskal Herri osoko LHko zentroko ikasleek parte hartuko dute lehiaketan. /Quintas

Euskal Herri osoko Lanbide Heziketako 140 ikaslek baino gehiagok parte hartuko dute.

Mendizabaleko aparkalekuak hartuko du datorren larunbatean, hilaren 9an, Euskelec, Lanbide Heziketako zentroen ibilgailu elektronikon lehiaketaren lehen edizioa. Bertan 140 ikasle baino gehiagok hartuko dute parte, Euskal Herriko lanbide Heziketako 11 ikastetxetik etorrita; haiek diseinatu eta osatu dituzte, ikasleen artean talde-lana sustatzeko eta etorkizuneko mugikortasun-sistemen ezagutza teknikoaren oinarriak finkatzeko asmoz.

Lehiaketaren jarduerak garatu ahal izateko, Mendizabaleko aparkalekuan gune bat prestatuko dute, bertan partaideek proba dinamikoak egin ditzaten. Ekipo bakoitzak lau probari egin beharko dio aurre (azelerazioa, gehienezko balazta, slaloma eta erresistentzia), eta lauen arteko orekaren arabera erabakiko da zein den ibilgailu elektriko eraginkorrena; lantalde bakoitzak hobekuntzak gehituko dizkio oinarri horri.

11 ekipoen artean Arabako bat dago, Mendizabala institutukoa, Muisu fundazioaren babesarekin eta Tknika-ren laguntzarekin (LHri aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako EAEko Zentroa). "Ibilgailu elektrikoen lehen lehiaketa hau enpresek eta ikastetxeek etorkizuneko mugikortasunaren alde egiten ari diren apustua islatzeko modurik onena da, mugikortasun elektrikoaren alde, alegia, eta Gasteizek ere tinko eusten dio erronka horri. Lanbide Heziketako gure ikasleen talentuaren lagina izan dadin nahi dugu, eta baita iraunkortasunaren eta 4.0 industriaren alde dugun apustuaren isla ere", nabarmendu du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Horrez gain, Arabako Foru aldundiko Ekonomia Garapeneko zuzendari Javier Hernandok Euskelec txapelketaren helburuak nabarmendu ditu. "Antolatzaileen asmoa ibilgailu iraunkorra gizartera hurbiltzea da; enpresak eta hezkuntza erakundeak uztartzea, etorriko diren belaunaldietan ibilgailu iraunkorrari buruzko prestakuntza eta ezagutzak sortzeko".

Egitaraua

Larunbateko programa 07:00etan hasiko da Mendizabalean, ekipo partaideen harrerarekin. Ekipoak erregistratu eta bakoitzari dokumentazioa eman ostean, 08:00etatik 10:00etara, parte hartuko duten prototipoen egiaztapen teknikoak egingo dira (mekanikoak, elektrikoak eta dinamikoak). 10:00etan irekiko zaizkie ateak ikusleei, balazta, slalom eta azelerazio probak ikusteko. 12:00etan iritsiko da lehiaketaren une gorena, entrenamendu libreak egiteko ordu erdiko tartea eta gero, erresistentzia proba alegia, eta horren ostean, 13:00etan, sariak banatuko dira.

Euskelec lehiaketako ekipo irabazleak beka bat jasoko du sari, Formula Student Spain 2018 ekimenera joateko. Horrez gain, berrikuntzaren AIC saria emango da: bi beka AIC Campus murgiltze-programan parte hartzeko. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago