KulturArabaren koordinazio eta jarraipen mahaia osatu dute

Erredakzioa 2018ko ekainaren 6a

Europa jauregian izan zuten lehenengo bilera. /Quintas

Sektoreko arlo desberdinetako 25 lagunek osatzen dute taldea.

KulturAraba Arabako kulturaren plan estrategikoaren koordinazio eta jarraipenerako mahaia dagoeneko eratu dute ofizialki. Atzo arratsaldean, Europa Jauregian, organismo berri horren lehenbiziko bilera izan zuten; organismo horren gain izango da plana nola garatzen den ikuskatzea eta hartan jasotako neurriak abiaraztea, lurraldeko kultur eta erakunde agente batzuek eta besteek diseinatuak.

Igone Martínez de Luna Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuarena izan zen mahaiko 25 kide berriei ongi-etorria egitearen ardura. “KulturAraba jardunean izango da hainbat hilabetean, eta kultura saila lan handia ari da egiten hura lurraldean ezartzeko; guztiak izan daitezen gai Planarekin zerikusia duten lerroak, guneak, jarduerak eta abarrak ezagutzeko".

Besteak beste, Artiumeko zuzendari Dani Castillejo, Gasteizko Udaleko zuzendari Nora Igartua, Aguraingo udal teknikari Josu Perez de Villarreal, Montehermosoko arduradun Araceli de la Horra, arte eszenikoetako Javier Alkorta eta Iara Solano, musika arloko Iker Sanchez eta ikus-entzunezkoetan aritutako Garbiñe Ortega izan dira lehendabiziko bileran.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago