"Konpromisoak betetzeko" eskatu diote BOSCHeko zuzendaritzari

Erredakzioa 2018ko eka. 6a, 13:26

Langileek lanuztea eta elkarretaratzea egin dituzte gaur. / Boscheko L.B.

Langileek bi orduko lanuztea egin dute gaur, eta egun osoko greba iragarri dute.

Bosch multinazionalak Gasteizen duen fabrikako langileek agerraldia egin dute gaur zuzendaritzaren jarrera salatzeko. Enpresak bizi duen egoera zailean informazio falta "erabatekoa" dela esan dute. "Badirudi zuzendaritzak nahi duela denbora igarotzea, eta hori arriskutsua da lantegiaren etorkizunerako". Hortaz, "gardentasunez jokatzeko" galdegin diote enpresari, lantegiaren etorkizuna bermatu aldera.

Lisaburdinak eta lisatzeko bestelako tresneriak ekoizten ditu Boschek Gasteizen, duela 40 urtetik, eta gaur egun 250 bat langile aritzen dira bertan.

Multinazionalak iazko martxoan iragarri zuen Gasteizko lantegia saltzeko asmoa, eta orduan langileek mobilizazioei ekin zieten. Enpresa-batzordeak prentsa ohar batean esan duenez, zuzendaritzak iaz egindako iragarpenak "enpresaren irudia kaltetu zuen". Une horretatik aurrera salmentak gutxitu zirela diote. "Hasieratik langileok ulertu genuen salmenta iragarpen horrek programatutako itxierara eraman ahal gintuela".

Argitu dutenez, behin lantegia saltzeko asmoa ezagututa, langileek enpresarekin negoziazioak hasi zituzten, akordio bat lortu nahian. Azken helburua zen lantegia erosi behar zuen enpresa berriari hitzarmen horretan adostutako baldintzak ezartzea. Iazko abenduan zehaztu zuten hitzarmena, langileen oniritziarekin. Bertan aurreikusten zen hiru urte eta erdiz Bosch multinazionalak eta lantegiaren erosleak komunean lan karga adostu behar zutela. Halere, langileek diote multinazionalak ez duela sinatu hitzarmena. "Zuzendaritzak joko arauak aldatu ditu, eta ziurgabetasun egoera handiagoan sartu gaitu".

Gaur egindako lanuzteaz gain, datorren asteazkenean bi orduko beste lanuzte bat egingo dute, eta hilaren 20an grebara deitu dute. Bi egun horietan Gasteiz erdian mobilizazioak egingo dituztela aurreratu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago