Jatetxeetan ura kristalezko pitxerretan zerbitzatzea sustatuko du Arabak

Erredakzioa 2018ko eka. 6a, 11:37
Jatetxeetan pitxerrak banatuko ditu Aldundiak, doan. / Carly Jayne - Unsplash

Diputazioak 3.400 pitxer banatuko ditu doan kanpainarekin bat egiten duten jatetxeetan.

Plastikoaren kontsumoa arintzea helburu, Diputazioak ur botilen erabilera gutxitzeko kanpaina abiatu du. Atzo izan zen Ingurumenaren Munduko Egunaren baitan aurkeztu dute ekimena. Tantaka izena jarri diote, "eguneroko keinu txikiak garrantzitsuak" direlako, Ingurumen diputatu Josean Galeraren hitzetan. "Pitxerreko ura eskatzea, norberaren esku geratzen den keinu erraza da, baina tantaz-tanta ingurumenaren alde emaitza emango duena", adierazi du.

Helburua lortzeko, Galeraren ustez bi baldintza bete beharko dira ezinbestean: "kontsumitzaileek pitxerreko ura eskatzerako orduan lotsarik ez izatea, eta jatetxeek kristalezko pitxerrak eskaintzeko konpromisoa erakutsi dezatela". Arazoari erantzuna emateko, Aldundiak eta zenbait ostalarik kolaborazioa abiatu dute. Modu honetan, jatetxeetako bezeroei txorrotako ura eska dezaten gonbidapena luzatu nahi diete.

Oraingoz 40 jatetxe baino gehiagok eman diote oniritzia egitasmoari, baina Aldundiko ordezkariek lortu nahi dute 300dik gora jatetxe izatea. Ostalarien izenean, Urgora jatetxeko (Trebiñu) Laura Muñoz eta Sukalki jatetxeko (Gasteiz) Aitor Etxenike izan dira aurkezpenean.

Eman dituzten datuen arabera, Arabak 20.000 tona hondakin plastiko inguru sortzen ditu urtero, 60 bat kilo biztanle bakoitzeko. Plastiko horrek 1.000 urte eman ditzake naturan, desagertu arte.

Sortutako hondakinez gain, erabilitako plastikoa ekoizteak eta garraiatzeak energia kontsumo handia eskatzen duela azpimarratu dute Hortaz, izaera honetako egitasmoek abantaila nabariak sor ditzaketela azpimarratu dute. Jatetxeetan ez ezik, jantokietan, hitzaldi aretoetan, udal bilkuretan eta bestelako ekitaldietan ere kristalezko pitxerrak erabiltzen hasiko direla iragarri dute.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide