Arabako 39 ikaslek jaso dute Giza Zientzien hamalaugarren promozioari dagokion titulua. Aurten, 31 emakumezkok eta 8 gizonezkok gainditu dute erronka.
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Letren fakultateko Areto Nagusian egin dute diplomak banatzeko ekitaldia. Ivan Igartua errektoreordeak banatu dizkie tituluak, eta ekitaldian Aldundiko, Batzar Nagusietako eta Vital fundazioko ordezkariek ere parte hartu dute.
55 urtetik gorako lagunek parte har dezakete ikasketa programa honetan. Baldintza bakarra da etengabeko ikaskuntzarekiko grina izatea eta, noski, ikasgaiak gainditzea.
Giza Zientzietako tituluak lau urteko ikasketa plana du oinarri. Besteak beste, musika, literatura, artea edota historia jorratzen dira, baina batez ere laugarren mailan hautazko ikasgaiek protagonismo berezia hartzen dute. Azken urte horretan ikas daitezke latinaren historia, zinema, bioetika, paleografia edota zientziaren historia bezalako ikasgaiak.