Zinemagintzan, lehen pausoak

Anakoz Amenabar 2018ko eka. 2a, 09:15
Zine zuzendaritzari buruzko saioa eskainiko du Mar Coll zuzendariak. /Alea

Hirugarren urtez, gazteak ikus-entzunezkoetan trebatzeko zikloa ekarriko du Gasteizera Zinelekuk, uztailaren 23tik abuztuaren 3ra. Formakuntza, ekoizpena eta emanaldiak ardatz dituen programa izango da, Gasteizko Udala, Arabako Aldundia eta Kalakalab egitasmoaren eskutik.

Ikus-entzunezkoen sortzaile berriei diziplinarteko formakuntza eskaintzea du helburu. "Eta gazte errealizadoreak zinemagintzan prestatzeaz gain, ikus-entzunezkoen bidez gizarte-sarea ere eraiki nahi dugu, publiko kritikoa sortu dadin", azaldu du Kalakalab enpresako arduradun Ricardo del Condek. 

Parte-hartzaileak Gasteizko Santa Maria aterpetxean biziko dira elkarrekin, hamabi egunez, eta bitarte horretan zinema lantegi eta arte disziplina askotariko profesionalen eskolak izango dituzte, eta proiekzio, performance eta kontzertuetan parte hartu ahal izango dute. Aurtengo programan soinu lanketari eta Super 8mm-ko filmatze eta errebelatzeari erreparatuko diote. 

Irakasle gonbidatuen artean, besteak beste, Paul Urkijok eta Mar Collek proiektuen garapenari buruzko saioa eskainiko dute, Martin Guridi soinuaren postprodukzioaz arituko da, Mursego musika esperimentazioaz, eta Garbiñe Ortega zinemagintzako komisariotzaz. Profesionalen laguntzarekin, praktika modura, film labur baten proiektua ekoitzi eta errealizatu beharko dute ikasleek.

Jardunaldi bakoitza amaitzean, herritar guztientzat irekiak dauden hainbat jarduera izango dira, besteak beste, zinema eta literatura, zinema dokumentala edo interpretazioaren inguruko hitzaldiak eta bestelako ikuskizunak. 

Zinelekun parte hartu nahi duten gazteek –18 eta 30 urte bitartekoak– ekainaren 8ra izango dute izena emateko aukera. Arabako Gazteriaren Foru Erakundearen webgunean edo zineleku.org helbidean dituzte ikastarorako argibide guztiak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide