Politikari garaiak atzean utzi baditu ere, gaurkotasun politikoa gertutik jarraitzen du Anjeles Iztuetak (Tolosa, 1954) eta naziogintzan buru-belarri ari da, besteak beste, Demokrazia Bai plataformatik edota Eusko Ikaskuntzako lanetatik. Eustat Euskal Estatistika Erakundean dihardu 2005etik, Lakuan duen bulegoan, eta datuei erreparatuta bi kezka nagusi ditu mahai gainean: gazteak eta euskara.
Eustaten ikerketa arloko arduradun modura, datu zaparradaren artean, bada atentzioa eman dizunik?
Une honetan Big Dataren inguruan ari gara lanean, estatistika ofizialean datu horiek nola erabil daitezkeen garatzen. Unibertsitateko ikerketa lantaldeekin ari gara elkarlanean. Baina eskura ditugun datuei erreparatuta, gazteen egoera benetan kezkatzekoa da. Hemendik oso gutxira, lau lagunetik bat pentsionista izango da, eta, aldi berean, gazteek ez dute aukerarik izango seme-alabak izateko; azken urteetako jaiotza-tasa baxuenetan gaude, eta Europako baxuenetan, nahi izanda ere ez daukatelako aukerarik. Horrek kezkatzen nau, ondorioak izango dituelako etorkizunean. 2000. urtean datu baxuenetan geunden, eta hainbat neurri jarri ziren martxan; besteak beste, lana eta etxeko bizitza bateragarri egiteko neurriak edota umeak izateko laguntzak. Baina, berriz ere, datu kezkagarriekin gaude. Gazte belaunaldi bat nahi eta ezinean dabil, oso ondo prestatutakoa, baina bizitzeko atzerrira atera behar duena, eta hemen geratzen dena lan prekarioarekin. Orain dela urte batzuk eskandalizatu egiten ginen "mileurista" hitza erabiltzen genuenean, eta orain normalizatu egin da; "mileuristak" dira, eta gainera aldi bateko langileak. Datuak eskuan, arazo bat dugu gazteekin, eta neurriak behar ditugu. Ez baldin bada belaunaldi hori zaintzen ez dakit zer etorkizun izango dugun herri honetan.
Zer neurri jarriko zenituzke martxan?
Gazteen lanak duin bihurtu behar dira, eta horretarako politikak egin behar dira. Zoritxarrez, horretan ere, Espainiaren legearen menpe gaude, baina hemen neurri osagarriak har daitezke. Lehentasuna izan behar du gai horrek, eta berehala bilatu behar zaio konponbide bat. Arabako datuak begiratuta, beste alde batetik, euskarak Araban izan duen aurrekada garrantzitsua nabarmendu behar da. Hiru gaztetatik batek euskara ulertzen du; izugarria da azkeneko urteetan egin dena, baina hor ere Arabako gazteeek bultzada bat behar dute, eskolak euskaldundutako gazte horiek gero egunerokoan erabiltzeko aukera izan dezaten premiazko neurriak behar dira. Frustrazio bat ez izateko landu egin behar da.
Unibertsitatea gertutik ezagutu zenuen sailburu garaian. Nolako bilakaera izan du Unibertsitate Legea onartu zenutenetik?
Pasa dira 15 urte eta lege horrek ere berrikuntza behar du, hori argi dago. Uste dut unibertsitateak maila oso ona daukala erkidegoan, baina baditu konpondu beharrekoak ere, noski; momentu honetan tesi doktoralen kopurua oso handia da, eta hori ona da, baina ez dago irteera doktore gazte berri guzti horientzat, eta kezkatzekoa da.
Pentsamendu kritikorako pizgarria da gaur egungo unibertsitatea?
Unibertsitatearen papera gizartean handia da, diziplina asko daude, eta herri batek arlo horiek guztiak behar ditu aurrera egiteko. Egiten diren lan guztiak herrigintzan lagungarri izan daitezke, eta hor dago indargunea aurrera egiteko. Orain hori bera Eusko Ikaskuntzatik bizitzen ari naiz; mendeurrena dela eta, etorkizuneko foro batzuk prestatzen ari gara, hausnarketarako lau zutaberekin: Euskal herriko egoera sozioekonomikoa, euskara eta bere etorkizuna, lurraldetasuna eta lurralde oreka, eta identitateak eta kultura. Gogoeta bultzatzen ari gara horietan parte hartzen duten unibertsitate, gizarte eragile eta erakundeekin. Helburua da diagnostiko bat egitea, egungo egoeraren irakurketa bat egitea, aurrera begira proposamenak planteatu ahal izateko. Eusko Ikaskuntza ez da akademia bat, baina hausnarketarako topaleku garrantzitsua da.
Araban 300 bazkide ditu Eusko Ikaskuntzak, ezta?
Bai, eta Euskal Herri guztian 3.000. Hausnarketa foro horietan ia mila lagunek parte hartu dugu, eta askotarikoak, gainera: zazpi herrialdetakoak, gizon eta emakumeak, gazteak eta helduak... Gaur egungo errealitatearen irakurketa bat egin da; herritarren mahaiak antolatu ditugu eta udara aurretik proposamenak egiteko mahaiak prestatuko ditugu. Liburu Zurian jasoko ditugu ekarpen guztiak.
Laster UEUren mahai-inguru batean parte hartuko duzu: "Badu kosturik Euskadirentzat Espainiarekiko duen dependentziak?".
Bai, jardunaldi interesgarriak izango dira. Dudarik gabe kostua du Euskadirentzat Espainiarekiko duen dependentziak. Aske izateak edo hemen erabakiak hartzeak, nahiz eta mundu globalizatu batena bizi garen, bertatik erabakiak hartzeak beti du onura; alde batetik, errealitateari gehiago lotzen zarelako eta kontrola ere gertuago daukazulako, eta, bestetik, hemengo beharrak beti ez datozelako bat estatuko beharrekin. Hemen erabakitzeko askatasuna edukitzea beti da onuragarri.
Demokrazia Bai plataformako kide ere bazara. Zein helbururekin?
Uste dut momentu honetan demokrazia aldarrikatu behar dela. Oinarrizko gauzak ez direlako errespetatzen, ez dago hitz egiteko askatasunik, gizartearen iritzia ez da errespetatzen, ez da galdetzen.
Eskubideei dagokienez, azken urteetan atzera egin dugula esango zenuke?
Momentu kritiko batean gaude. Ikusi besterik ez dago zer inguru daukagun. Herriari galdetu eta esaten duena errespetatu egin behar da; oinarrizko printzipioa da. Eta hori eskatzeko izango da, hain zuzen, datorren asteko giza katea.
"Nahiz eta mundu globalizatu batean bizi garen,
beti da onuragarria bertan aske izan eta erabakiak hartzea"
Erabakitzeko eskubidea gertuago dago duela hamar urte baino?
Erabakitze eskubideari dagokionez, nik behintzat itxaropen izugarria neukan Kataluniarekin, erabakitzeko eskubidearen ariketa on bat delako.Ilusio handiarekin begira egon naiz, eta hango zaplastekoak ikusi eta gero... Oinarrizko printzipio bat besterik ez da, gizarteari entzutea.
Inflexio momentu guztiek, halere, gorakada daukate eta begiak irekitzeko momentua da. Gauza asko ikusi ditugu, argazki asko oso argi gelditu dira eta horrek ere bere alde ona badu, baikor izateko ona da hori ere; badakigu zer gertatzen ari den Katalunian, Espainian, Europa ere nola dagoen... argazki osoa dugu. Zaplastekoa ikaragarria izan da, baina guk zaplasteko asko hartu ditugu herri bezala, hitz egiteagatik jendea kartzelan egon da, euskararen alde lan egiteagatik, Egunkariarekin eta Eginekin, Altsasuko auziarekin orain...
Joan den astean estatutu berri baterako atarikoa onartu zuten. Aldebikoa eta konfederala.
Aldebikoa zaila izaten da batek besteak baino botere gehiago duenean, baina halako lege batean gauza bat da hitzaurrea eta bestea ostean datorrena. Planteamendu bezala eskatzea ondo dago, errealitatea beste bat den arren, David eta Goliat artekoa; alegia, parez pare jartzen gaitu, nahiz eta besteak parean ez gaituen ikusten. Hor ere nik uste dut aurrerapausoak emango direla; Ibarretxe planaren ostean geldiune bat izan da, eta berriro beste aurrerapauso bat izango da.
Abertzaleen arteko harremana nola ikusten duzu?
Behar beharrezkoa da. EAJ eta EH Bilduren arteko aliantzak behar beharrezkoak dira, norbera bere esparrutik. Herri bat osatzeko behar da eskuina, ezkerra eta erdia. Abertzaleok herri honen alde ez bagara batzen ez daukagu zer eginik, eta eredu izugarria eman digute Kataluniakoek, denak elkartuta. Hori oso argi daukat; Maltzagako Mahaia oinarri dut oraindik. Orain impasse batean gaude, baina etorriko da hori ere, herri bezala aurrera egin behar badugu beste irtenbiderik ez daukagulako.
Bateragarria da goizean estatu berriaren hitzaurrea adostea eta arratsaldean PPren aurrekontuak babestea?
Bi gauzak ulergarriak dira. Batera egitea? Tira... ni gehiago poztu naiz gauza bategatik beste bategatik baino, baina... Momentu honetan EAJk paper funtsezkoa dauka, bai Espainian eta baita hemen ere. Eta EAJrekin konpondu beharra dago, aliantzak beharrezkoak dira.
Atzera begira, politikari garaiak faltan botatzen dituzu? Zer oroitzapen daukazu?
Etapa gogorra izan zen. Aznarren garaia izan zen bete-betean eta presio handiak izan ziren, Ibarretxek plana aurkeztu zuen... urte gogorrak izan ziren eta lan handia egin genuen. Baina poztasunak ere izan genituen, gure printzipioei jarraituta lan egin genuen eta pozik abian jarritako hainbat egitasmorekin. Haurreskolak, lanbide heziketa, euskarari buruzkoak, Unibertsitate Legea... Unibertsitate Legea aprobatu zen goiza sekulakoa izan zen sekulako, kristoren lana egin eta gero. Gehiengo sindikalarekin adostasuna lortzea eta aurrera eramatea benetan pozgarria izan zen.