Astebete baino ez da falta Gure Esku Dagok antolatutako giza katerako, eta antolatzaileak buru-belarri dabiltza prestatze lanetan. Apurka badabiltza horren gaineko xehetasunak eskaintzen; tartean, Donostia eta Gasteiz arteko 201,9 kilometroak lotzeko ardura duten bi lagunak ezagutarazi dituzte. Gasteizen, Aroa Arrizubieta bertsolari gazteak izango du "ohore" hori; Gipuzkoako hiriburuan, berriz, 78 urteko Paulo Muñoak hartuko du.
Poztasunez hartu du gasteiztarrak, 12:00etatik 12:30era bitartean, azken metroa egiteko eskaintza. Arrizubietak berak azaldu du zergatia: "Emakumea, bertsolaria, gaztea eta arabarra naizelako aukeratu naute; horrelako jende asko ez dagoela ematen du, baina kontua da ez ditugula ikusarazten. Hortaz, guzti horien ordezkaria izango naiz ekainaren 10ean. Niretzako ohore handia da guzti horien aurpegia izatea".
2014an egindako lehen giza katean ere partu hartu zuen Arrizubietak; 13 urte baino ez zituen orduan. Horrelako ekimenak antolatzea "oso garrantzitsua" dela uste du, giza katea bera "oso bisuala" delako. "Erabakitzeko eskubidea eskatzen dugunak ez gara lau katu, asko gara eta erakusteko asmoz irteten gara kalera. Bestelakoei garrantzia kendu gabe, baina ezinbestekoa da horren ikusgarriak diren mobilizazioak egitea", esan du.
Azkenik, aipatu du oraindik ez duela oso argi zer egingo duen ekainaren 10ean; hori bai, Gure Esku Dagok emandako erantzukizuna "ahal den ondoen" bete ostean, eguna lagunekin ospatzen jarraituko duela esan du.
63 kilometro Arabatik
Laudiotik sartuko da giza katea Arabara. Jarraian, Luiaondo, Amurrio eta Altube zeharkatu ostean, Murgiara helduko da; eta handik Zigoitira joko du, Gasteizerantz abiatu baino lehen. Denera, 63 kilometro egingo ditu ekimenak Araban zehar.
Herri mugimendutik azpimarratu nahi izan dute aurretik izena ematearen garrantzia. Horrekin lotuta, gogorarazi dute kilometro bakoitza betetzeko 500 lagun inguru behar direla, eta hortaz, guztia oso ondo antolatu beharra dagoela. Pozik daude orain arte lortutako erantzunarekin. "Erronka handia da baina lortuko dugula uste dugu. Guztira, 1.200 autobus egongo dira egun horretan mugitzen eta jakin behar dugu zenbat behar diren herri bakoitzean eta hori saretuen arabera ere egiten da", azpimarratu du Arabako koordinatzaile Miren Ayesak.
Izena emateko hainbat aukera daude. Gure Esku Dagoren webgunean; Amurrion, Laudion eta Gasteizko lokaletan; eta herrietan jartzen diren mahaietan. Gasteizko denda, esaterako, Aiztogile kalean dago eta honako ordutegia du: astelehenetik igandera, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:30era.
Autobusez joateko gomendioa
Bestalde, kilometrora autobusez joateko gomendioa ere egin du Miren Ayesak: "Egun horretan 100.000 pertsona baino gehiago mugituko dira eta guztiak kotxez joango balira kaosa sortuko litzateke". Nabarmendu du autobusa dela giza katean parte hartzea ziurtatuko duen garraio "bakarra", lehentasuna izango dutelako; eta antolatzaileek ez dute ziurtatzen autoz joango direnak behar bezala iritsi ahal izango direnik.
Aldi berean, gaineratu du Gasteizen eta Aiaraldean anezkak ere jarriko direla; Arabako hiriburutik, adibidez, Zabalgana, Salburua, Adurtza eta Judimenditik aterako dira.