Europa, Errusia eta Asia. Hortik joan dira dira Yolanda Muñoz bidaiariak urratu dituen azken bideak. Bi urteko bidaia izan da, eta zinez gozatu du. Are gehiago, bidaiatzea adikzioa bihurtu dela dio. "Behin hasita, gero eta gehiago behar duzu". Unibertsitatean hasi zen lehen abentura, Istanbulera egindako bidaia batean. Ondoren, urtebetez motxila bizkarrean ibili zen, leku batetik bestera, eta furgonetarekin joan da ere, Europan zehar. Baina, batez ere, bizikletaz bidaiatzea gustuko du. Modu horretan naturarekin eta jendearekin suertatzen den harremana azpimarratu du bidaiariak.
Ez da edonolako bizikleta, gainera: emea da, eta izena ere badu. Mongolian zegoela iradoki zioten bi emakumek ea zergatik ez zion izenik ipintzen. Esan eta izan. "Kandida" hasieran, aitona Candidoren omenez, baina gero "Bigurpil" izenarekin bataiatu zuen.
Polonian zegoela istripu txiki bat izan zuela kontatu du. Maldan behera ziztu bizian zihoala, erle bat sartu zitzaion betaurrekoetan. Hortik ondorengoak. Larria izan zen, bada? "Ez, hezur zati batzuk besterik ez zitzaizkidan apurtu". "Bigurpil", antza, onik atera zen ere.