Lanabes, Araban Euskara Lanean, egitasmoko talde eragileak “ARABAN, EUSKARA LANABES” izeneko jardunaldia aurkeztu dugu, ekainaren 4an Arabako Merkataritza eta Industria ganbaran ospatuko dena. Bai Euskarari Elkartea Lanabeseko talde eragileko partaidea da eta jardunaldiko antolatzaile taldekoa, Arabako alor sozioekonomikoa euskararen erabilera areagotzea helburu izanik.
2015ean Araban Euskara Lanean izeneko hausnarketa saioan eman zitzaion hasiera LANABES proiektuari, Arabako 30 enpresa eta erakunderen ordezkariak bertaratu ginelarik, helburu garbia jarriz: Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia txertatzea, sustatzea, handitzea eta bitartekoak zein ereduak eskaintzea.
Ordutik, lanean jarraitu dugu Bai Euskarari Elkartetik eta ikusi dugu Araban, geroz eta entitate gehiago ari direla euskararen balioaz jabetzen. Horren adierazle dira egun Araban dauden 142 Bai Euskarari ziurtagiridunak.
Datorren ekainaren 4an, berriz, LANABES talde eragilearen plana eta orain arteko emaitzak partekatu nahi ditugu, izan ere, LANABESen ekarria elkarlana da, enpresa pribatuak eta erakunde publikoak, elkarteak zein federazioak, helburuak partekatuz aritzea da.
Beraz, datorren ekainaren 4an egingo dugun “ARABAN, EUSKARA LANABES” jardunaldian bereziki LANABESen ibilbidea, balorazioa eta etorkizuneko erronkak irudikatuko eta partekatuko ditugu, bai eta Arabako Foru Aldundiaren Euskararen Foru Zerbitzuaren 2018-2021 Plan Estrategikoaren helburu nagusia ere. Bertan izango dira, besteak beste, Pilar Garcia de Salazar, Arabako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiordea; eta Igone Martinez de Luna, Euskara, Kultura eta Kirol saileko Foru Diputatua.
NOIZ: Ekainak 4
ORDUTEGIA: 9:00 – 11:00
LEKUA: Arabako Merkataritza eta Industria Ganberaren formazio gunea (Manuel Iradier kalea, 17)
Gonbidapena irekia da eta parte-hartu nahi duenak izena eman dezake ondorengo galdetegia osatuta:
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.