Aurrerapauso sendoa

Aritz Martinez de Luna 2018ko mai. 30a, 10:08
Beaubois izan zen Baskoniako saskiratzaile nagusia 13 punturekin. Argazkia: ACBphoto/M.Pozo

Kanporaketako bigarren partida erraz eskuratu du Baskoniak (64-80), eta final-erdietan aurkari nor izango duen zain daude orain arabarrak.

Azken denboraldietan Unicaja eta Baskonia arteko partidak lehia gogorrak izan dira. Bi taldeak Endesa Ligako onenen artean kokatu ohi dira, eta kanporaketa irekiak izan dira elkarren artekoak. Aurten, aldiz, Baskoniak Unicajari neurria hartuta dio, izan ere, urtean zehar elkarren aurka aritutako sei norgehiagokak gasteiztarren aldekoak izan dira.

Atzo lortutako garaipenari esker, final-laurdenetako kanporaketa erabakita utzi du Baskoniak, eta Bartzelona eta Andorra arteko kanporaketako irabazlearen zain geratu dira gasteiztarrak.

Hasiera batean uste zitekeena baino errazago menperatu du Baskoniak Malagako taldea. Bi partidetan nagusi izan dira, eta atzokoan hasieratik puskatu zuten partida. Lehenengo laurdenean 0-19 puntuko partziala lortuta, bi taldeen arteko aldea agerian geratu zen.

Talde-jokoan oinarrituta eta jokalari guztien ekarpenari esker, Joan Plaza entrenatzaileak partida iraultzeko proposatutako aldaketa teknikoek ez zuten inolako eraginik izan. Poirier barne jokoan nagusi izan zen, Beabouis hegalekoak erasoan dituen dohainak erakutsi ahal izan zituen, Marcelinho Huertasek taldearen gidaritza eta partidaren erritmoa nahiera erabili zituen... hutsune gutxi izan zuten gasteiztarrek jokoan eta kanporaketa erabakita uzteko aukera baliatu zuten hasiera batetik.

Hurrengo kanporaketan, Bartzelona eta Andorra arteko kanporaketako irabazlea izango du Baskoniak aurkari. Pronostikoek Bartzelonari ematen zioten final-erdietarako txartel hori, baina lehen partidan Andorrako mutilak izan ziren nagusi. Ikusi beharko gaur iluntzean Bartzelona kanpoan uzteko gai izango ote diren.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide