Gazte sortzaileen inguruko lana aurkeztuko dute Florida zinemetan

Erredakzioa 2018ko mai. 29a, 19:24
Gasteizko sortzaile gazteak elkartu ditu dokumentalak. /Alea

'Orainaldian' lana, besteak beste, Paul Urkijo zinegilea, Beñat Goitia musikaria, Irantzu Lekue artista eta Eider Bernaola argazkilariaren sorkuntza prozesuetan murgildu da. 

Zer gertatzen ari da Gasteizen? Zer gazte sortzaileen inguruan? Belaunaldi berri bat ote dago? Galdera horiek erantzun nahian hasi zuten duela urtebete Orainaldian: laissez faire dokumentala Gindi Auzmendi, Iñaki Landa eta Mikel Buruaga kazetariek. Eta bihar, maiatzaren 30ean, helduko da Florida zinemetara hilabete hauetako emaitza: "ikus-entzunezko proiektu esperimentala".

Gasteizen sortzen ari denari erreparatzen dio 'Orainaldian' proiektuak. "Ertzetan, ofizialak ez diren zirkuituetan, kultura-kala alternatiboetan dagoenari. Baina ekimenaren berrikuntza, balio erantsia, ikuspegi berri, desberdin eta integratzailetik egitean datza", azaldu du Iñaki Landak. Arreta tradizionalki kulturari lotutako pertsonengan jarri beharrean, "gizona, zuria, 40 eta 50 urte bitartekoa, kulturan bere modus vivendia duena" deskribapenaren araberako pertsonengan edo ibilbide esanguratsua duten artista entzutetsuengan, Gasteizen bizi eta lan egiten duten gazteen egungo sorkuntzari erreparatzen dio. "Logika irauli nahi izan genuen honela. Kontaketa, errelatoa beste perspektiba batetik eraikitzeko, beste perspektiba batetik hasi ginen eta belaunaldi berri eta indartsu bat dagoela ondorioztu dezakegu: euskalduna, emakumeekin eta oso sortzailea", azaldu du Landak.

Hamabi dira dokumentalak biltzen dituen protagonistak: Ane Gebara ipuin kontalaria, Mikel Kttulu Cosmic Tentacles jaialdiaren sortzailea, Beñat Goitia musikaria, Paul Urkijo eta Izaskun Urkijo zinegile eta arte zuzendaria, Irantzu Lekue artista eta muralista, Iker Fidalgo arte kritikaria, Frik1 eta Ojodekuervo grafitigileak, Gasteizko Hardcore Crew-ko kideak, Lurburu talde artistikoko kideak, Eider Bernaola argazkilaria, Reina Ginolanda idazlea eta Nerea Mauleon ilustratzailea.

Dokumentala Florida zinemetan aurkeztuko dute, 20:30ean. Sarrerak, aurretik, Hala Bedi tabernan eta Artgia gunean eros daitezke. 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide