"Araban, Euskara Lanabes" jardunaldia ospatuko dute ekainaren 4an

Erredakzioa 2018ko mai. 29a, 19:02

Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia sustatzeko helburuarekin sortutako ekimenak, orain arteko ibilbidearen berri eman eta etorkizuneko erronkak ezarri nahi ditu jardunaldian.

2015az geroztik, alor sozioekonomikoan euskararen erabilera eta presentzian eragiteko asmoz sortu zen Lanabes proiektua. Arabako 30 enpresa eta erakundetako ordezkari egon ziren lehen topaketa hartan eta harrezkero egindako ibilbidearen berri emateko asmoz, ekainaren 4an Arabako Merkataritza eta Industria ganbaran ospatuko den “Araban, Euskara Lanabes” izeneko jardunaldia antolatu dute. 

Orain arteko emaitzak partekatzeaz gain, Lanabes talde eragilearen planaren berri ere eman nahi dute deitutako hitzorduan. Bertan elkartu nahi dira Arabako alor sozioekonomikoko enpresa pribatu eta erakunde publiko, elkarte zein federazioak. Bide batez, Arabako Foru Aldundiaren Euskararen Foru Zerbitzuaren 2018-2021 Plan Estrategikoaren helburu nagusia ere zein den azalduko dute.

Gonbidapena irekia da eta parte-hartu nahi duenak izena eman dezake.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago