Gazteak Arabako museoetara hurbiltzeko udalekuak aurkeztu ditu Diputazioak. Aurten ere 5 eta 11 urte bitarteko gazteek uztailean parte hartu ahal izango dute askotariko jardueretan. Foru sareko museoek parte hartuko dute ekimenean: Arte Ederren Museoa, BIBAT, Natura Zientzien Museoa eta Arma Museoa.
Udalekuak bi programatan bereizi dituzte. Batetik, Arte Ederren Museoan Harria, papera eta guraizeak izeneko jarduera egingo dute. Bestetik, gainerako museoek programa komun bat osatu dute: jorratuko diren gaiak eta jarduerek zerikusia izango dute hiru museoekin, txandaka.
Tokiak bete bitartean eman daiteke izena bertan parte hartzeko, Arabako Arte Ederren Museoan eta BIBATen. Astebeteko moduluan parte hartzeko tarifa orokorra 37 eurokoa da; 18 eurokoa bigarren seme-alabaren kasuan, eta 9 eurokoa hirugarren seme-alaba joanez gero.