Maiatzaren 14an, Israelek palestinarren protesta baketsuaren aurka buruturiko "errepresioa odoltsua" salatu du Gasteizko Udalak. Gutxienez 59 pertsona hil, eta, momentuz 2.700 zauritu izan direla gogoratu dute. "Eta zauri horien erdiak munizio errealaren ondorio izan dira, eta 130 pertsona aurkitzen dira egoera larri-larrian".
Eraso horien aurrean, Udalak "erabat arbuiatzen du" AEBen enbaxada Jerusalemera aldatzeagatik protestatzeko martxan ari ziren milaka palestinarren aurka Israelgo armadak erabilitako biolentzia, "hain zuzen, okupatutako lurraldeetan 2014. urteaz geroko gertakaririk odoltsuenetarikoa". Elkartasuna eta doluminak adierazten dizkie zuzenean edo zeharka eragindako pertsona guztiei, eta bat egiten du Nazio Batuek, Europako Batasunarekin eta nazioarteko komunitatearen zati handi batekin batera, Israeli egindako deiarekin "biolentzia amaitzeko" Gazako mugan. "Hain zuzen ere, Israelgo armadak palestinarren protesten aurrean eragindako biktima-balantze odoltsuaren ondoren".
Era berean, berretsi egiten du Diputatuen Kongresuak 2014ko azaroaren 26an hartutako akordioa, "Palestinako Estatua aitortzeari buruzkoa”.