Urtarrilean sute-hasiera bat izan zen Garoñan, baina atzora arte ez da ezagutzera eman. CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak argitaratutako ikuskaritza akta batean jaso dute gertakaria.
Urtarrilaren 31n antzeman zuten sutea, 15:00etan, dekantatze-ontzien gelatxo batean. Ondorioz, suteen aurkako brigada bertaratu zen. Ordu laurden geroago, suhiltzaileek Kontrol Guneari eremu horretan sugeldo bat zegoela esan zioten, "ke askorekin". Sute txikiaren jatorria zehaztu ez badute ere, agirian aipatzen dute goizeko lan txandan lokatza dekantatzeko ontzi batean oxiebaketaren bitartez zulo bat egiten ibiliak zirela teknikariak.
Zenbait puntutan 200 gradu arteko tenperaturak neurtu zituen kamera termografikoak.
Su-itzalgailua erabili zuten suteari aurre egiteko, baina gero mauka bat baliatu behar izan zuten sua betiko itzaltzeko. Gelaxkaren beheko aldea urez bete zuten.
Arratsaldeko seietan kea eraikineko beste zenbait eremutara zabaldu zen, eta suhiltzaileek berriro ere parte hartu behar izan zuten. Agirian ikuskatzaileak zehaztu duenez, "nahikoa aireztapenik ez egoteak kearen presentzia handitu du. Erauzketa bidez egin behar izan da aireztapena, CLIM-HVH-2 motako bultzada-sistema zerbitzutik kanpo dagoelako".
Gertakaria izan eta hurrengo egunean aztertu ahal izan zuten berriro ere gelaxka, argazki kamera arrunt baten bidez. "Bertan oholtzak zeudela zirudien, eta baita hondoa estaltzen zuen narriatutako pasta bat". Berriro ur gehiagorekin estali zuten eremua. "Kanpotik ez dago sartzerik ontzien gelaxkaren beheko aldera, eta, ondorioz, ez da aurreikusten bertan dagoen material erregaia kentzea", diote txostenean.