Azkena Rock jaialdian emakumearen presentzia eskasa salatu dute hainbat eragile feministek, eta konpromisoak eskatu dizkiete agintariei, "berdintasunaren eta feminismoaren alde egiten duen musika mundu batengantik". Azkena jaialdiak Gasteizko Udalaren aldetik 270.000 euroko diru-laguntza jasotzen duela gogoratu dute, eta "arduraz" jokatzeko eskatu.
Batetik, musika ekitaldi "berdinzale" baten aldeko konpromisoa eskatu diote enpresa sustatzaileari eta Gasteizko Udalari. "Emakumeak behar ditugu agertokietan. Hurrengo urteetan berdintasunaren alde lan egiteko, emakume artisten zenbatekoa areagotzea eskatzen dugu, lehentasuna ematea emakumeak dituzten taldeei, Azkena Rock jaialdira parekidetasuna heldu arte".
Beste alde batetik, Gasteizko Udalaren laguntza galdegin dute indarkeria matxistaren inguruko prebentzioa eta sentsibilizazioa lantzeko. Besteak beste, informazio gune bat jartzeko eskatu dute, protokoloaren inguruko informazioa eta beharrezko oharrekin, eta, sentsibilizazio jorratzeko, ekitaldia "eraso matxistarik gabeko gunea" dela aitortzen duen kartel batzuk jartzea.
Ekinaldiarekin bat egin dute, besteak beste, Plaza Feministak, Sare Antifaxistak, Sare Lesbianistak edota Plazandreok-ek.