Bukatu da, bukatu da, akabo!

Ibon Gorrisi 2018ko mai. 21a, 10:32

Ohi bezala, Alaves sendu aritu da atzealdean. / Alaves

Alavesek, distirarik gabe, Sevillan 1-0 galdu zuen.

Istoriorik gabeko neurketa jokatu du Alavesek Sevillan. Hasierako hamaikakoan minutu gutxi jokatu duten jokalariek aukera izan dute. Horien artean Bojan eta Demorovic gaztea aritu dira aurrealdean. Zelai erdian ez ohiko bikoteak jokatu du, Wakaso eta Torres. Halere, partidak ez du inongo distirarik izan.

Sevillak nahi izan du garaipenarekin amaiera eman aurtengo denboraldiari. Jokoaren ekimena talde andaluziarrak eraman du eta Alaves, ohi bezala, atzealdean sendo aritu da. Izan ere, atzealdean ere aldaketak egin ditu baina erantzun ona eman dute jokalariek. Ez, ordea, zelai erditik aurrera. Gola lehen zatian heldu da eta Ben Yedderrek egin du. 28. minutuan izan da eta hor Dieguez eta Burgui artean ez dira jarri ados baloia urruntzeko eta horren ondorioz Sevillako jokalariak ondo baino hobeto aprobetxatu du emandako aukera. Hortik aurrera Alavesek sufritu du eta Pachecori esker ez du gol gehiagorik jaso.

Bigarren zatian, gauzak ez dira asko aldatu. Sevillak kontraerasora aukera garbiak izan ditu baina ez ditu gauzatu. Abelardok aldaketak egin ditu berdinketa lortzeko. Munir eta Ibai zelairatu dira eta jokoari bizitasuna eman diote. Aukerak sortu ditu baina batean langak eta bestean Sevillako atezainak eragotzi dute gola markagailura igotzea.

Partida joan-etorrian sartu da eta gol aukerarik onenak Sevillak izan ditu. Dena den, hasi bezala bukatu da partida euripean eta istoriorik gabe. Porrota Alavesentzat, baina honek ez du inongo baliorik izan. Egindako bigarren itzulia beti izango dugu gogoan. Bikaina benetan, taldeak lehen itzulian zulo beltzean zegoen eta amaiera ezin gozoagoa izan da.

Liga amaituta orain hurrengorako egin behar da plangintza. Dagoeneko entrenatzailea eta kapitaina, taldeko ikurrak, hor izango dira. Eta hori oso garrantzitsua baita.

Beti Alaves! Eskerrik asko Abelardo, Cabello eta jokalariak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago