Afrika Euskadi kultur elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu hilaren 25ean izango den Afrikaren Eguna ospatzeko: besteak beste, futbol-partidak, dantza senegaldar eta nigeriarren lantegiak, antzerkia, hitzaldiak, pintxopotea eta desfileak izango dira. "Afrikaren aniztasuna" ospatu nahi dute ekimenaren bitartez, "dagoeneko Gasteizko kulturaren zatia baita", kultura zinegotzi Isabel Cantoren hitzetan.
Jarduera gehienak hiriburuan izango badira ere, Murgian ere izango da kontinentearen usadioei hurbiltzeko modua. Izan ere, igandean egingo dute bertan Afrika Egunaren lehen edizioa, Manuel Iradier Elkarte Afrikanistaren laguntzarekin. Besteak beste, eskulangintza, txirikordak, dantzak, eta perkusioa lantzeko tailerrak egingo dituzte, igande arratsaldean.