Bai Euskarari Sariak ekainaren 22an banatuko dira

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2018ko maiatzaren 17a

Hautagaiak proposatzeko aukera ere egongo da.

Maiatzaren 28an zabalduko du ekitaldira bertaratzeko izen-emateko epea

 

Bai Euskarari Sarien ekitaldiaren data eta lekua finkatu ditugu; ekainaren 22an izango da Tabakaleran, 14:00etan. Aurten ere ospakizun eta elkartasun giroa bermatuak egongo dira. Udara hasiera eta ekaineko solstizioa nahikoak izango dira euskarari eta euskararen erabilera sustatzeko lanean ari direnei argia emateko.

Alor sozioekonomikoan euskalduntzean eragitea da Bai Euskarari Elkartearen helburua eta sari hauen bidez arlo horretan euskara sustatzeko eragin duten entitateak eta pertsonak saritu eta eredu bihurtu nahi ditugu, modu berezi batean, elkartasun eta Bai Euskarari komunitatearen berotasunetik.

Aurreko urteetan bezala, hiru sari banatuko dira: Bai Euskarari ziurtagiria duten bi entitatek Bai Euskarari Saria jasoko dute eta hirugarren saria Bai Euskarari Laguna izango da, Euskal Herriko pertsona batek jasoko duen saria, bereziki alor sozioekonomikoaren espazioetan euskara sustatzearen alde egindako lanagatik edo ekarpenagatik.

Sariduna publikoaren esku

Irabazleak aukeratzeko garaian, publikoaren proposamenak ere hartuko dira aintzat eta ondoren, Bai Euskarari Elkartearen zuzendaritzatik hiru saridunak hautatuko ditugu. Publikoak ondorengo galdetegiaren bidez aukeratu dezake irabazle izateko hautagaia:

https://goo.gl/forms/DjkQTcSmASnBUCSV2

Izen-emateak

Bai Euskarari Elkarteak ekainaren 22a agendan gordetzeko deialdia egin du eta maiatzaren 28an zabalduko du ekitaldira bertaratzeko izen-emateko epea.

Saridunak, urtez urte:

  • 2009: JEZ (Laudio), IMH Institutua (Elgoibar) eta Kirmen Uribe.
  • 2011: Refractarios Kelsen (Aduna), Hirukide ikastetxea (Tolosa), Sokoa (Hendaia) eta Xabier Mendiguren Bereziartu.
  • 2012: Skunk Funk, Arlan (Erandio) eta Jose Anjel Iribar (Athletic).
  • 2013: VUSA eraikuntzak (Galdakao), Leitzako, Aresoko, Goizuetako eta Aranoko ziurtagiridunak, Anaje Narbaiza (Elay).
  • 2014: Banaiz Bagara, Mendia Optika (Gasteiz) eta Kike Amonarriz.
  • 2015: Euskal Herria Esnea, Nekatur eta Gaizka Garitano.
  • 2016: Sorginen Museoa eta Lezea (Zugarramurdi), Laneki eta Mikel Lezamiz.
  • 2017: Miren Fuldain Farmazia (Getaria), Zergatik (Urnieta), Joxemari Sors eta Jon Jaka (Elkar Fundazioa).

 

Bai Euskarari, Ziurtagiri bat baino askoz gehiago

Bai Euskarari Sarien bidez euskara sustatzeko eragin duten entitateak eta pertsonak saritu eta eredu bihurtu nahi ditu Bai Euskarari Elkarteak. Izan ere, Bai Euskarari Ziurtagiria-z gain, euskal komunitate profesionala sendotu eta hizkuntza integratzeko bideraturiko espazioak, baliabideak eta tresnak sortu eta garatzeko dihardu elkarteak, elkarlanean. Besteak beste, Enpresarean, Lansarean lan-ataria eta Lanabes, Araban Euskara Lanean dira martxan jarritako egitasmoak.

 

 

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago