Lurzoruan txertatutako ondare bizia

Juanma Gallego 2018ko mai. 18a, 06:00
Hazi motaren araberako kontserbazioa egiten dute hazien bankuan. / Alea

Baserrietan urte luzez landutako hazi barietateak zaintzeko konpromisoa du Euskal Herriko Hazien Sareak. Bioaniztasuna ondare gisa ulertuta, hazien banku bat bizirik mantentzen dute Olarizun, eta baserritarren ezagutza galdu ez dadin etnografia lanak ere egiten dituzte.

Hogei urte baino gehiago daramatzate lanean EHHS Euskal Herriko Hazien Sareko kideek, eta helburu garbia dute: landatutako bioaniztasuna babestea. Baserritarrek betidanik erabilitako landare barietateek galdu ezin den altxorra osatzen dutenez, altxor horren zaintza lanetan ari dira, Euskal Herriko baserritar askoren laguntzarekin.

Olarizun kokatuta dagoen Dehesa Etxean dago elkartearen egoitza, eta bertan bilduta dituzte haziak zein horiekin lan egiteko lanabesak. Handik kilometro gutxira, Arkautin, hazien beste banku bat dago. Bigarren biltegi hau –edo germoplasma bankua, adituen hizkeran– Neiker-Tecnalia erakundeak kudeatzen du. Garai batean bi erakundeak elkarlanean aritu baziren ere, 2012an EHHSko kideek bide propioa jorratzea erabaki zuten.

Elkarteko dinamizatzaile Joseba Ibargurengoitiak azaldu du elkarteak babestutako filosofia. "Mundu osoan, alderdi politiko gehienek bioaniztasunaren pribatizazioaren alde egin dute. Beti multinazionalen erregistro eskubideen alde jokatzen dute, ez baserritarren alde". Horren aurka lanean ari dira. Ez da zaletasun kontua, elikadura segurtasunari eragin diezaiokeen arazoa baizik. "Bioaniztasuna zenbat eta handiagoa izan, orduan eta aukera gehiago egongo da arazoei aurre egiteko". Karta jokoaren metafora baliatu du Ibargurengoitiak ideia azaltzeko. "Karta asko izan behar ditugu eskura, hobeto jokatu ahal izateko". Industria mailako nekazaritza hedatzen den heinean, gero eta barietate gutxiago landatzen dira, eta, izurriteak izatekotan, horrek galera handia ekar lezake uztetan. Multinazionalek egiten duten kudeaketa kritikatu du EHHSko kideak. "Industria mailan erabiltzen diren barietate guztiak nekazariek sortutako barietateetatik eratorriak dira, baina baserritarrek horren etekinik ez dute jasotzen. Nazioartean gaiari buruz adostuta dagoen Nagoyako hitzarmenak zehazten du etekinen kopuru bat bueltatu behar zaiela baserritarrei, baina praktikan hori ez da egiten".

Elkarlana, oinarri

Haiek bezala, mundu osoan elkarte asko arduratzen dira hazien kudeaketaz, herri ikuspegi batetik. Espainia mailan kolaborazioak egiten dituztela azaldu du Ibargurengoitiak, eta Europako Batasunean ere aritzen dira hainbat elkarte. Let’s liberate diversity izeneko plataforma aipatu du, Europan lantzen diren lege berriak aztertzeko eta informazioa jasotzeko sortutakoa. "Izugarrizko elkarlana dago, adibidez, formakuntzan eta ideien trukaketan".

Nazioartean ezagunak dira germoplasma banku handiak. Handiena Svalbard uhartean (Norvegia) kokatuta dagoen Munduko Hazien Ganbera da. Uharte horretako hotza eta bakardadea baliatzen dira mundu osoan bildutako haziak bertan babesteko. Modu horretan, gerretatik edo bestelako hondamendietatik urrun mantentzen dira haziak. Funtsean, mundu osoko germoplasma bankuen segurtasun kopia gisa aritzen da Svalbardeko biltegia: jatorrizko bankuan barietate bat galduz gero, hori berreskuratzeko bidea egongo litzateke. Ez da teoria kontua: Iraken eta Afganistanen halakorik gertatu izan da jada. Hortaz, ezinbestekoa da galdera. Svalbardeko backup hori erabiltzen al dute Olarizun? Ezetz dio Ibargurengoitiak. "Hitzarmena argia balitz, beraiekin kolaboratuko genuke, baina orain martxan dagoen hitzarmena ez da batere argia. Ez dakigu zer nolako kudeaketa egingo duten, eta ez gaude prest ezeren truke haziak bertara bidaltzeko".

Zuhurtziarekin mintzo da Ibargurengoitia gaiari lotutako beste hainbat konturi buruz. Bioteknologiaren alorrean sortzen ari diren garapenak kezkatzeko modukoak direla uste du, eta, bereziki, edizio genomikoa irauli duen CRISPR-Cas9 teknikak "arrisku itzelak" dituela babestu du. "Gu transgenikoen aurka gaude, ikuspuntu sozialetik defendaezinak direlako. Transgenikoek ez dute frogatu hobekuntzarik, ez ekoizpenean ezta alde nutrizionalean ere".

Milaka esperimentu txiki

Laborategi handietan egiten den lanaren aurrean, baserritarrek egindako lana sustatu behar dela dio. "Gauzak lehen egiten ziren moduan egitea oso garrantzitsua da. Baserriak mini-laborategiak dira: zenbat eta baserri gehiago izan, orduan eta esperimentu txiki gehiago egingo dira, eta hau bioaniztasunaren mesedean doa. Modu horretan, bioaniztasun hori garatu eta mantendu egiten da. Multinazionalek, berriz, laborategi handietan biltzen dute lana, eta, gainera, ez dakigu langileak eta haziak zer nolako egoeran dauden".

Laborategi txiki horiei bultzada emateko, "zaindariaren" figura dute elkartean: haziak zein fruta arbolak zaintzen dituzten baserritarrak dira horiek. 200 bat lagun horretan ari dira. Elkartean 300 bat bazkide direla argitu du dinamizatzaileak. "Horietatik, 8-10 lagun inguru modu aktiboan kolaboratzen ari dira, eta beste 20-30 lagun boluntario gisa azaltzen dira ekimenetara". Besteak beste, auzolanak egiten dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituzten ortu desberdinetan, eta nekazaritza azoketara ere bertaratzen dira, noski.
Horrez gain, baserritarrek urteetan mantendutako ondarea galdu ez dadin, etnografia lanak egiten dituzte, batez ere, gaiari buruzko elkarrizketa sakonak eginez. Emaitzak txostenetan jasotzen dituzte, baina, momentuz, barne agiriak dira. Argitaratuko dituztela diote, baina hori egiteko modua ondo pentsatu behar dute, ezagutza hori "esku desegokietan" erori ez dadin. "Ez dugu nahi putreek erabil ditzaten, haiek bakarrik etekina eskuratzeko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide