Igandean igaroko da Arabatik Emakumeen Bira, Agurain eta Gasteiz arteko etapan

Erredakzioa 2018ko maiatzaren 16a

Eginoko Lourdes Oiarbide izango da Arabako ordezkaria. / Alea

Asteleheneko etapa Aretxabaletan hasi eta Aramaio eta Legutiotik ere igaroko da.

Legazpin (Gipuzkoa) hasiko da Emakumeen Bira larunbatean, maiatzaren 19an, eta Iurretan (Bizkaia) bukatuko da hilaren 22an. Munduko txirrindulari onenak batuko dituen lasterketak lau etapa izango ditu.

Legazpin hasi eta han amaituko da lehenengoa (108 kilometrokoa); bigarrenean, Agurain eta Gasteiz arteko erlojupekoa jokatuko dute (28 kilometro), Biran inoiz egin den erlojupekorik luzeena; eta hirugarren etapa, astelehenean, Aretxabaletatik hasiko da (Gipuzkoa) eta han amaituko da, Legutiotik eta Aramaiotik ere igarota; Iurretan hasi eta han amaituko da azkena, hilaren 22an.

Guztira, 24 taldeko –Astana, BTC Ljubliana, Virtu, Valcar, Aromitalia Vaiano, Servetto, Sopela, Cogeas, Top Girls Fassa Bortolo, Boels, Ale, BePink, Lotto, Parkhotel Valkenburg, Cylance, Cervelo, Canyon, Bizkaia-Durango, Mitchelton, FDJ, Wiggle, Waowdeals, WNT Rotor eta Movistar– 140 txirrindulari arituko dira. Movistarren arituko da Lourdes Oiarbide arabarra, egungo Espainiako erlojupekoko garailea.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago