Forondako aireportuak Mugaren Ikuskatze Gunea berreskuratu du

Erredakzioa 2018ko mai. 16a, 18:11

Elikagai eta produktu galkorrak garraiatu ahal izango ditu berriz Forondak. /Alea

Elikagai eta produktu galkorrak garraiatzeko baimena eman dio Europako Batasunak. 

Gaurtik aurrera, Gasteizko aireportuak Mugaren Ikuskatze Gunea berreskuratzeko baimena du. Horren bitartez kontrolatzen dira beste herrialde batetik datozen elikagai eta produktu galkorrek osasun kontrolak gainditzen dituztela; eta, Europako Batasunak emandako baimenarekin, berriz ere jarduera abiatu daiteke.

2013ko apirilean galdu zuen aukera hori Forondak, Europako Batasunak esan zuelako Espainiak halako gune gehiegi zituela; garai hartan, 13 muga-gune geratu ziren bertan behera. Zama kopurua handitu egin da azken urteetan (marka hautsi zuen 2017 urtean 60.484 tonarekin), eta AENAk egindako berritze lanen ostean, berriz ere martxan da Mugaren Ikuskatze Gunea.

"Gaur egun aireportuak bizi duen egoerarekin, eta mugitzen duen zama kopurua kontuan hartuta, beharrezkoa zen erabaki hau Forondak dituen aukera guztiak behar moduan garatu ahal izateko", aipatu du Javier de Andres Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago