Igandean jarri dute hitzordua, arratsaldeko seietatik aurrera, Gasteizko Dazz tabernan. Bertan, eta kafe baten inguruan, edertasunari buruz hausnartuko dute. Azken helburua, Azkarragak azaldu duenez, filosofiaren izaera berreskuratzea da. "Izan ere, mendebaldeko filosofia agoran jaio zen, plazan". Bide horretatik, "filosofia ikasgaitzat hartzen duen identifikazioa" apurtu nahi dutela dio Agora filosofia elkarteko kideak. Hori ez ezik, bizitzari heltzeko modua da filosofia. "Nola lortu zoriontasuna, izaki politikoak garen heinean nola jokatu, teknologia berriak eta zientziaren garapena nola kudeatu... finean, nola bizi".
Guztira, lau kafe filosofiko antolatu dituzte: bi gazteleraz eta bi euskaraz. Igandekoa izango da sorta horretatik azkena. Miren Camison filosofoak gidatuko du, baina jardunaldi hauetan planteamendua guztiz irekia dela nabarmendu du filosofoak. "Oso oso giro polita sortzen da, konfiantzazkoa". Estetikaren barruan, edertasuna filosofian luze eta zabal jorratu izan den gaia dela azaldu du Azkarragak. Lesboseko Safo horri buruz aritu zen, eta baita Platon, Aristoteles edo Kant bezalako beste pentsalariak. Haiek esandakoa jakina da, baina erantzunak baino, galderak beharrezkoak direla nabarmendu du Azkarragak. Igandean mahai gainean jarriko dituzte horietako batzuk, kafe baten inguruan.