Ekainaren 25etik 29ra bitartean egingo dute Agora Teknocamp udako campusaren bigarren edizioa. Arabako ikasleei zientzia eta teknologia gerturatzea da ekimenaren helburua.
Aurtengo hitzordurako iaz egon ziren plaza kopurua bikoiztu dute: 120 izango dira, denera. Horietatik, erdia Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako neska-mutilentzat izango da, eta beste erdia DBHko 1. eta 2. mailetako neska-mutilentzat.
Aldundiak sustatutako Agora parte-hartze eta berrikuntza prozesuan dago ekimenaren abiapuntua, baina Aldundiarekin batera, EHUk, Egibidek eta Innobasquek ere parte hartzen dute antolaketa lanetan. Ikaslan Araba ere proiektuari lotu zaio aurten.
Aldundiak ohar batean jaso duenez, ekimenak gazteenengan interesa piztu nahi du zientzia eta teknologiarekiko, “era praktiko eta ludikoan”; modu horretan “adin txikietatik bokazio tekniko-zientifikoak” sustatu nahi dituzte Araban.
Nieves Cano kaleko campusean eta Mendizabaleko instalazioetan egingo dira jarduerak. Besteak beste, robotika, fisika, komunikazioa edota zibersegurtasuna jorratuko dira bertan. Ekainaren 1era arte dago irekita izena emateko epea, www.agora.araba.eus webgunean eta 945 122 198 telefonoan.