Gasteizen jokatuko da 2019ko Final Fourra

Erredakzioa 2018ko mai. 15a, 12:34
Final Four Gasteizen egotea aspaldiko ametsa da. Argazkia: ACBphoto/I.Martín

Gasteizko saskibaloizale guztiek merezi zuten oparia dela adierazi du Euroligako zuzendariak.

Goizean zehar egindako adierazpenetan, Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak eta Euroligako ordezkariek 2019ko Final Four Gasteizen jokatuko dela baieztatu dute.

Urte asko zeramatzaten Baskoniak eta Gasteizek Europako saskibaloi txapelketa nagusiaren antolaketa beregain hartzeko desioaz. Hain zuzen ere, jomuga hori izan zen Buesa Arena handitzeko arrazoi nagusienetako bat. Gogoan izan behar baita gaur egun 15.000 lagun elkartzeko gaitasuna duela Zurbaoko kantxak, eta hori zen Euroligak ezarritako baldintza nagusienetakoa.

Duela zenbait urte Euroligako zuzendari nagusi Jordi Bertomeuk egindako adierazpenek amets hori lausotuta utzi zuten. Gasteiz saskibaloia maite duen hiria izan arren, hiriko ostalaritza sektoreak ez du 15.000 lagun baino gehiago ostatatzeko gaitasunik, eta hori traba izan da orain arte.

Zailtasunak gaindituta, urte luzez Baskoniako bulegoetatik egindako lanak saria jaso du azkenik. Baskonia Europako saskibaloi elitean egon da azken hamarkadetan eta 5 Final Four jokatu ditu gaur arte (2005etik 2088ra bitartekoak, eta azkena 2016an).

Izaera horretako ikuskizun bat antolatzea, Baskonia zaleentzat oparia izateaz gain, Gasteizen eta Arabaren izena ezagutarazteko bidea izango dela adierazi dute antolatzaileek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide