350.000 botila txakolin eman ditu aurtengo uztak

Erredakzioa 2018ko mai. 15a, 06:00

"Oso ona" kalifikazioa eskuratu du aurtengo txakolinak. / Elle Hughes - Unsplash

Arabako ekoizpena iaz baino dezente txikiagoa izanda ere, "oso ona" kalifikazioa jaso du.

Arabak 350.000 botila txakolin ekoitzi ditu aurten, iaz baino %43 gutxiago. Halere, aurtengo ekoizpenak "oso ona" kalifikazioa lortu du. 2017ko apirilaren amaieran izandako izozteak mahasti ugari suntsitu zituen, eta horrek eragin handia izan omen du ekoizpenean.

Aurtengo emaitza igandetik aurrera dastatu ahal izango da, orduan aurkeztuko baitute uzta Amurrion, Txakolin Egunaren hogeigarren edizioaren barruan. Juan Urrutia parkean egingo dute Arabako Txakolina elkarteak antolatutako jaia, eta bertan zazpi upategik egindako ardoak dastatu ahal izango dira.

Aurtengo hitzordua Wine City elkartea omentzeko ere baliatuko dute. Udaletxeko biltzar aretoan egingo dute hori, 11:30ean. "Oso gaztea baina, aldi berean, oso aktiboa den elkartea omentzea erabaki dugu. Sortu zenetik, modu garrantzitsuan bultzatu dituzte gure lurraldeko ardoak, gure txakolina ahaztu gabe", esan du Jose Antonio Merino Arabako Txakolina Jatorrizko Izendapenaren gerenteak, Aldundiak zabaldutako ohar baten arabera.

Behin omenaldia bukatuta, jaiaren hasierako suziria botako dute. Besteak beste, Euskolabel pintxoen dastaketa egingo dute, ohiko tokiko artisautza produktuen azokarekin batera.


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago