Garaipenarekin batera, jai ederra Mendizorrotzan

Ibon Gorrisi 2018ko mai. 14a, 10:33
Jokalarien ahalegina eskertu dute zaleek. / Alaves

Alavesek hiru eta bat irabazi dio Athletici euskal derbian.

Hunkigarria, zoragarria, festa ederra Mendizorrotzan bizi izan dena! Alavesen denboraldi bukaera ikaragarria izaten ari da. Garaipenak lortzeaz gain, golak ia-ia partida guztietan hirunaka egiten ditu. Zaleek gozatu ederra hartu dute. Partidaren hasieran pankarta erraldoia atera dute 97/98 denboraldiko jokalari zein teknikoei omenaldia egiteko.

Zale guztien buruan baitago garai hartan izandako balentria. Bigarren mailako txapelketa Alavesek irabazi zuen eta, ez hori bakarrik, Kopan Real Madril ahalguztiduna bidean utzi zuen. Ezin ahaztu Mane eta Ondarru entrenatzaileak, Karmona, Berruet, Pablo, Tellez, Serrano, Leal, Armando, Tito, Albistegi jokalariak… A, zer-nolako denboraldia! Dena den, hura hasiera besterik ez zen izan, gerora Dortmunt finala, Kopako finala… benetan, Mendizorrotza oroitzapenez bete zen.

Partidak ez du historia handirik izan. Lehen zatian ez batak ez besteak ez dute gauza handirik egin markagailuan aurretik joateko. Baina zortea alde izateak zerbaitetarako balio du; izan ere, 42. minutuan Kepak atezainak akats ikaragarria egin du. Arriskurik gabeko baloia zabaldu nahi izan du eta bidean Guidettirekin egin du topo eta mantso-mantso barrura joan da.

Bigarren zatian gauzak pitin bat aldatu dira. Alavesek erasora jokatzeari egin dio eta berehala izan du saria. 59. minutuan Munirrek sekulako gola egin du. Falta jaurtiketa bikaina egin du, gurpila eman eta hesia goitik gainditu ondoren sarera bidali du baloia. Hortik aurrera partida joan-etorria izan da. Athletic-ek nahi eta ezin, eta Alaveseko jokalariak eta zaleak bat eginik gozatu ederra hartu dute. Horren ondorioz, Alavesen aldeko hirugarren gola ailegatu da. 76. minutuan, Ibaik boleaz garaipenari dotorezia eman dio. Bi minutu beranduxeago Muniainek 3-1ekoa egin du eta, hortik amaitu arte, ezer gutxi.

Bukaeran, zaleek eskertu dute jokalariek egindako esfortzua denboraldi guztian zehar eta hauek zaleen txaloak eta partida guztietan jaso dituzten animoak. “Pitu” Abelardok ere jaso du omenalditxoa.

Mendizorrotzan izandako liga bukaera ezin hobea izan da. Zoragarria, taldea gorabidean eta zaleak beti goian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide