Euskararen ibilbidea liburu batean aztertu dute

Erredakzioa 2018ko mai. 14a, 06:00

Arabako canpusean egin dute aurkezpena. / EHU Nuria Gonzalez

Hizkuntzaren bilakaera historikoa jorratzen duen lana kaleratu dute hainbat adituk.

Historiaurretik gaurdaino euskarak izan duen ibilbidea arakatu dute adituek, eta egindako lanaren emaitzak Euskararen historia izeneko liburuan bildu dituzte. EHUk Araban duen campusean egin dute aurkezpena, joan den astean.

Hizkuntza Indoeuroparreko katedradun Joakin Gorrotxategik gidatu du hainbat ikertzaileren ekarpenak biltzen dituen lana. Helburu nagusia "erreferentzia lan bat eskaintzea" izan dela dio EHUk ohar batean, "ikuspegi zabal eta zorrotz" batean abiatuta. Hizkuntzaren ikuspegi historikoa, hizkuntzaren garapena eta hedapena jorratzen dira bertan, eta hizkuntzaren lekukotasun dokumentala ere jasotzen da. Garai bakoitzeko lekukotasun idatzien analisi grafikoa, fonologikoa eta morfosintaktikoa ere txertatu dituzte, eta euskarak inguruko hizkuntzekin izan dituen harremanak aztertu ere.

Hizkuntzalariek, filologoek eta historialariek parte hartu dute liburuaren osaketan. Besteak beste, Joseba Lakarra, Patxi Salaberri, Celine Mounole, Ricardo Gomez, Blanca Urgell, Iñaki Camino eta Pello Salaburu adituen ekarpena jaso dituzte. Historialariei dagokienez, Mikel Aizpuru, Juan Jose Larrea eta Xabier Zabaltza dira aipatzekoak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago