Gaztetxearen 30 urteko uzta

Erredakzioa 2018ko mai. 11a, 12:36

Gaztetxearen liburua aurkezteko agerraldia egin dute goizean. /E. Anda

Belaunaldi zahar eta berrien ekarpenak jaso dituzte kontakizun, marrazki eta argazkiez osatutako liburuan.

Okupatu aurreko kanpainatik hasita, gaur eguneraino. Kanpora begirako jarduerak zein barne mailako lanak, diskurtsoak eta praktikak, ekimen propioak zein auzokideekin eta herrigintzarekin batera egindakoak, desalojo mehatxuen aurreko kanpaina erraldoi entzutetsuak eta eguneroko lan isila. Une goxoak eta une latzak. Horiek guztiak biltzen ditu Gasteizko Gaztetxea 30 urte liburuak, hiru hamarkada bete dituen muinoko etxearen omenez. 

Lantalde zabal baten laguntzarekin –belaunaldi ezberdinetako gaztetxeroak, testuaren zuzentzaile taldea, zirriborroa irakurri eta kritikak egin dituztenak–, iraganean eta egun Gazte Asanblada eta kanpoko hamaika lagunek jarri dute aletxoa liburua argitaratzeko komungrafian. "Komunean argitaratua izan delako; komunean ditugun hamaika bizipen eta istorio jasotzen dituelako. Komunetik idatzi duelako Gaztetxeak, patioko komun-zulotik", azaldu dute liburua aurkezteko egindako agerraldian. 

Bihartik aurrera eskuragarri izango da testu, marrazki eta argazkiz osatutako liburua. Besteak beste, Gasteizko Jakintza, Albeniz, Mara-Mara liburutegietan, eta Hala Bedi tabernan erosi ahal izango da, 12 euroan. Sare sozialen bitartez jakinaraziko dute zerrenda osoa. Baina internet bidez ere eskuratzeko aukera izango da, eta doan deskargatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago