Arabako Lautada eta Mendialdea artean dagoen Legaireko parke megalitikoa lehengoratzeko asmoz, lankidetzan arituko dira aurrerantzean Foru Aldundia eta Gondra Barandiaran Fundazioa. Legaire sei kilometro karratu inguruko haran itxi karstikoa da, pagadi batez inguratuta dagoena eta abeltzaintzarako bereziki erabiltzen dena. Bertan estazio megalitiko bat dago; 70 tumulu inguru, 14 menhir, mendiko bi trikuharri eta zista eta harriz egindako biribil bana katalogatuta dituena.
Elementu horien egoera, baina, kaskarra da, eta hori dela eta, jardun trinkoagoa egitea aurreikusi da; tartean, eremu horretan onik mantendu diren Arrizazen, Atau eta Surbeko menhirrak altxatu eta jatorrian izan zezaketen posizioan berriz jarri nahi dira.Arrizazengo zista eta oraindik zehazteke dauden bi tumulu induskatzeko asmoa ere badago. Eta proiektua nola doan ikusita, gune horretan ezagunak diren trikuharrietatik batean, Legaire hegoa izenekoan, indusketa egitea aurreikusiko da.
Artzainen borda
Trikuharri horren gainean artzainen borda bat dago eta horren bilakaera historikoa eta baliabideen aprobetxamenduaren lekuko moduan kontserba daitekeen aztertuko da.
2015. urtetik, Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Entzia eta Iturrietako Partzuergoarekin dabil Diputazioa lanean ingurune horretan; eta esan bezala, orain, fundazioa gehitu zaio elkarlan horri