Alavesek gozatu ederra hartu du Malagaren aurka

Ibon Gorrisi 2018ko mai. 7a, 10:39
Talde arabarrak ez dio inongo aukerarik eman malagari. / Alaves

Huts eta hiru nagusitu da La Rosaledan jokaturiko partidan.

Hau da hau Alaves egiten ari dena! Bigarren itzuli bikaina egiten ari da, eta gainera azken neurketetan etxetik kanpo erakustaldia eman du. Malaga bigarren mailako taldea da, erabat etsiturik dago, baina talde arabarrak ez dio inongo aukerarik eman bere zaleen aurrean zerbait erakusteko. Izan ere, 3. minutuan Manu kapitainak huts eta batekoa egin du, eta hortik aurrera ia-ia talde bakarra izan da berdegunean.

Abelardo entrenatzaileak oraindik ere ez du baieztatu hurrengo denboraldian Gasteizen izango denik. Badirudi zuzendaritzak eta berak jarraitzearen aldekoak direla, baina kontratuaren nondik norakoak erabat adostea falta da. Halere, Malagaren aurka ere aldaketak egin ditu hamaikakoan, gainera lerro guztietan. Horien artean deigarriena Demirovic gazteari emandako aukera aurrealdean. Kopan ondo baino hobeto aritu zen, eta, ez hori bakarrik, golak egin zituen. La Rosaledan gauza bera egin du eta 67. minutuan gol zoragarria egin du.

Talde andaluziarrak bigarren zati horretan aukerak izan ditu golak egiteko. Baina hor agertu da, behin eta berriz, Pacheco atezaina, goi-mailako geldituak eginez. Partida borobiltzeko, Ibaik, 70. minutuan gol ikusgarria egin du. A zer-nolako gola! La Rosaledako zaleak zutik jarri dira gola txalotzeko. Bene-benetan goi mailako gola!

Hortik aurrera Alaveseko jokalariak ia-ia tentsiorik gabe aritu dira, kontraerasoren bat edo beste, gehiegi loratuz. Azkenean, etxetik kanpo beste garaipen bat. Orain, hurrengo larunbatean, arratsaldeko 18:30ean derbia izango dugu Mendizorrotzan. Ea bi taldeetako zaleek bat egiten duten!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide