Lan, bizi, herri duina. Burujabetza ezkerretik da LABek maiatzaren lehenengorako hautatutako leloa, bi ardatz oinarri: "Eraldaketa sozialerako grina gauzatzeko mobilizazio soziala indartzea eta gogo hori burujabetza prozesuarekin lotzea". Bilbo plazan abiatuko dute Gasteizko manifestazioa, 12:00etan; Oionen eta Laudion, berriz, 12:30ean izango dira.
ELAk, beste alde batetik, mugimendu feministaren eta pentsiodunen "errebindikazio oldea indartzeko" mobilizazioak egingo ditu. Pobreziari gerra! Soberan inor ez leloa aukeratu dute. Iruñean eta Bilbon ospatuko ditu mobilizazio nagusiak.
CCOO eta UGT sindikatuek manifestazio bateratuak deitu dituzte maiatzaren 1erako. Gasteizen, Andre Mari Zuriaren plazatik abiatuko da, 12:00etan, Irabazteko garaia da goiburu.
Steilas, ESK, CGT-LKN eta CNT sindikatuek ere bat egitea erabaki dute maiatzaren leheneko mobilizazioetan. Europa jauregian hasiko da manifestazioa, 12:30ean, Borroka lotuz, sistema irauli esaten duen pankartarekin.