San Prudentzio 2018

Estibaliz, lehiaketaz lehiaketa

Anakoz Amenabar 2018ko mai. 1a, 10:35

17:00etatik aurrera ikusgai izango dira pintura lehiaketako lanak, harrera etxean. / Quintas

Aurresku eta dantza solteko txapelketa, sukaldaritza lehiaketa eta aire zabaleko pintura lehiaketa ez dira faltako, besteak beste, biharko Estibalizko Andre Mariaren omenezko ospakizunetan.

Arabarrek bihar, maiatzaren 1ean, emango diote amaiera jaiei, Estibalizko ospakizunekin. Aurreko egunetako danbor hotsak atzean utzi, eta santutegiaren inguruko lasaitasunaz gozatuko dute bisitariek.

Aire zabaleko pintura lehiaketa klasiko bihurtu da, eta, goizean goizetik, aurten ere, hantxe izango dira dozenaka margolari. Egun osoan zehar artistek egindako lanaren emaitza arratsaldean ikusi ahal izango da; 17:00etan, erakusketa paratuko dute harrera etxean, eta, 18:30ean, pintura lehiaketako sariak banatuko dituzte. Sukaldaritza lehiaketak ere, urtero, hamaika sukaldari eta beste hainbeste bisitari batzen ditu Estibalizen; XXVI. Arabako patataren lehiaketa ospatuko dute aurten. Eta, lehiaketaz lehiaketa, Arabako aurresku eta dantza solteko XXVI. txapelketa ere ezin daiteke falta.   

Ohitura den moduan, meza izango da santutegian, eta Erribera Beitia abesbatzak girotuko du aurten ospakizuna. Ostean, herri kirolen txanda izango da; lehenik, 2018ko aizkolari txapelketa jokatuko dute, eta Iparraldeko joko erakustaldia izango da, ondoren.

Estibalizko igoera

Maiatzaren lehenaren aurretik, baina, izan da ospakizunik Estibalizen. Izan ere, joan den igandean 33. igoera egin zuten 749 korrikalarik. Armentia eta Estibaliz arteko lasterketa egin zuten Manuel Iradier elkarteak antolatuta, Vasco-navarroaren bidetik; Gontzal Sanz eta Sian Robertson izan ziren garaile lasterketan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago