Alavesek 0-1 galdu du Atletico Madrilen aurka

Erabiltzailearen aurpegia Ibon Gorrisi 2018ko api. 30a, 09:09

Argazkia: Depoirtivo Alaves

Helburua lortuta taldeak eta zaleek bat egin dute Mendizorrotzan.

Penaltiak izan dira partidako protagonistak. Izan ere, madrildarren alde bi adierazi ditu epaileak eta horietako bat baliatu dute garaipena lortzeko. Lehena, Torresek jaurti du eta Pacheco atezainak geratu dio. Bigarrena, 78. minutuan Gameirok sarera bidali du. Azkenengo minutuetan jokaldi eztabaidagarria izan da Atletico Madrilen arean baina, oraingo honetan epaileak ez du ezer adierazi.

Abelardok, arabarren entrenatzaileak, aldaketa ugari egin ditu hasierako hamaikakoan. Atepetik hasita, atzealdea ia-ia osoa eraberritu du eta zelai-erdian Wakaso jarri du. Lehen zatian madrildarrek izan dute baloiaren jabetza baina inongo arriskurik sortu gabe. Aukera bakarra Diego Costak egindako jaurtiketa izan da. Alaves ondo baino hobeto aritu da defentsa lanetan, erasoan, ordea, kamuts.

Bigarren zatia bide beretik joan da. Atletico Madril erasora, alderik alde baloia erabiliz eta mugituz baina area zapaldu gabe. Alavesek ohikoa den jokoa egin du, atzealdean ondo kokatuta eta aukera izanez gero kontraerasora. Horietako batean Guidettik 64. minutuan areaz kanpo egin du jaurtiketa baina atezainak baloia kornerrera bidali du. Handik gutxira, Wakasok egindako lehen penalti inozoa eta gutxira berak ere egindako bigarrena. Hor madrildarrek ez dute barkatu eta gola egin dute.

Alavesek gola jaso bezain pronto berdinketaren bila buru-belarri joan da. Azkenengo hamar minutuak oso onak izan dira eta gainera aukerak sortu dituzte golak egiteko. Pedrazak aukera ezin hobea izan du 83. minutuan baina gutxigatik baloia kanpora joan zaio. Hurrengoan Ibaik etorri bezala egin du errematea baina langa gainetik joan da. Partidaren hondarrean etxekoen aldeko penaltia eskatu dute jokalariek baina epaileak baloia urrundu dutenean bukaera adierazi du.

Mendizorrotzako hurrengo partidan festa izango da, izan ere, bigarren itzuli ia-ia osoan neurria eman du norgehiagoka guztietan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago