Urtero bezala, zeruari begira hasi dute arabarrek San Prudentzio eguna. Hodei beltzen mehatxupean, baina Santu Pixatiaren euri-tantarikgabe, milaka lagun hurbildu dira Armentiako zelaietara goiz eta eguerdi partean. Bertan, asko izan dira hozkirriari aurre egiteko aukerak. Goizeko egitarau ofiziala hasi baino lehen jada bazituen santuak lore-sorta eta erretratu ugari, eta dena emanda ari ziren lehenengo ordutik txosnak eta askotariko postuak.
Santuaren omenezko prozesioa 11:00etan egin dute, eta, jarraian, hamaiketako meza (guztira bost egin dituzte), sinestunez eta kuxkuxeroz lepo. Ehunka pertsona sartu dira basilikan San Prudentzioren erlikiari musu emateko. Elizkizunak amaituta, ohorezko aurreskua eskaini diete gotzainei eta ordezkari politiko nagusiei. Dantzarien emanaldia izan da jarraian, Oketa Alai taldearen esutik, eta, nola dantzek, hala herri kirolek ere bildu dituzte ikusle ugari; adorea eman diote bildutakoek Julen Diaz Arabako harri-jasotzaile txapeldunari.
AHT ez Lautada, aldarrikapen
Aldarrikapenerako tartea ere hartu dute hainbat herritarrek. Hain zuzen, AHT ez Lautada taldeko kideek protesta egin dute ordezkari politiko eta erlijiosoen aurrean, eta eskuorriak banatu dizkiete bertaratutakoei, "Tren sozialaren alde eta AHTren aurka".
Bestetik, Artium museoan Arabako Urrezko Dominaren ekitaldia egin dute 13:15ean. Aurten, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntzak jaso dute Aldundiaren ohorea, "Araba eta Euskal Herriaren hizkuntza, gizarte eta kultur ondarearen sustatzaile eta eragile moduan egin duten lan itzel eta goresgarriagatik", Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiaren hitzetan.
Goizekoekin, baina, ez da festa-eguna amaitu: arratsaldeko 18:00etan dantzaldia egongo da zelaietan, Lehian musika taldearekin, eta, ordu berean baina Gasteizko erdialdean, umeen danborrada abiatuko dute Doña Otxanda dorretxetik.
Jaiak ez dira amaitu
Datozen egunotan ere asko izan dira santuaren omenezko hitzorduak, hala nola Armenetiako Administrazio Batzarreko jaietan (bolo-jokoa, igel-toka, txokolate-jana, zine-emanaldiak...), Laudio, Amurrio eta Oiongo ospakizunetan eta lurralde osoan zehar antolatutako kirol-jaruderen programan.
San Prudentzio amaituta zirriparra gehiagorako gogoa dutenek, maiatzaren 1ean izango dute atsegin hartzeko aukera, Estibalizko Andre Mariaren omenezko ospakizunetan.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!