Baskoniako jokalariek bazekiten atzoko partida Euroligan bizirik irauteko azken aukera zutela eta astearteko garaipenak konfidantza puntu gehigarri bat eman zien gainera. Ondo ekin zioten norgehiagokari eta hasierako laurdena parekatua izan zen bi taldeen artean.
Tamalez, bigarren laurdenetik aurrera, Fenerbahcek egungo txapelduna zergatik den azalean utzi zuen. Baskoniak nahiko ondo jokatu zuen erasoan eta Pedro Martinezen mutilak defentsa zorrotza egiten saiatu ziren. Halere, defentsa puskatzeko bidea aurkitu zuten behin eta berriro turkiarrek, min ematen duen moduan gainera. Baloi jabetza osoan zehar defentsa ona egin eta azken segundoetan turkiarrak aukerarik gabe geratu behar zirela uste zenean, hortxe agertzen zen turkiarren kalitatea. Jokalari bat hiruko marran bakarrik edota saskipean lortutako jaurtiketa eta gehigarria.
Ezin esan halere zorte kontua izan zenik. Modu horretan jokatzen jakin beharra dago eta kasu honetan abantaila hori jokalarien kalitateak, goi mailako partidetan eskarmentua izateak eta aulkian Obradovic bezalako entrenatzaile bat izateak ematen dizu.
Horrelakoetan gertatzen denez markagailuan tartea zabaltzen joan zen etengabe. Eta egoera horretan bi taldeen arteko tartea 21 puntu arte zabaldu zen hirugarren laurdenaren erdialdera (47-68).
Fededunenak ere esperantza erabat galtzen hasiak zirenean, Baskoniak ez zuen amore eman eta lanean gogor jarraitu zuten. Hirugarren laurdeneko azken minutuak ikusgarriak izan ziren eta hiru minututan 15 puntu lortu zituzten gasteiztarrek (62-69).
Fenerbahce nagusi
Fenerbahce ordea ez da erraz izutzen den taldea eta beste edozeinek partidua arriskuan ikusteko arrazoiak izango bazituen ere, Obradovicen mutilek beren jokoa egiten jarraitu zuten. Urduritasun zantzuak izanez gero, aulkira eta beste jokalari bat kantxara. Hain zuzen ere horregatik bereizten dira normalean aurrekontu handiak dituzten taldeak. Berdin dio zein jokalari dagoen kantxan bostekoak ez baitu kalitaterik galtzen.
Baskoniak aurpegi ona eman du kanporaketan eta ezin zaio egindako esfortzua ukatu, halere gaur egun Fenerbahce maila bat gorago dagoela argi geratu da. Gasteiztarrek aurtengoan txapelketarik irabazi nahi badute, Endesa ligan jarri beharko dituzte begiak.