Mundu mailan migrazio sortzaile diren praktika politiko-ekonomikoen artean kokaturik ditugu Euskal Herrian bertan aurrera eramaten direnak. Mugak Zabalduz Karabanan parte hartzen dugun talde guztiok argi daukagu hori eta exodo sortzaile diren kausak guztion ahotan jarri nahi ditugu, bizilagun desinformatuengan iritzi kritikoa pizteko asmoz.
Hala, apirilaren 28tik 30era bitarte, migrazioarekin zerikusia duten hainbat puntu estrategikotara eramango ditugu gure aldarrikapenak, toki bakoitzean arrazoi ezberdin batean salaketa jarrita. Hendaian atzerritarren erretentzio zentroan, Andoainen armagintzan, Bardeetan maniobra militarretan… Gurean, Gasteizen, EAEko legeak osatzen direnez, aldarrikapenak Legebiltzarrerantz bideratzea zen logikoena. Baina, ekintzak prestatzen geundela, otsailaren 26an Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak emandako prentsaurrekoan lotsagarriak eta aldi berean larriak iruditu zitzaizkigun datuak ezagutzera eman zituen. Gasteizen atzerritik heldutako ikasleen %92a hiriko eskola publikoan matrikulatuta dago eta itunpeko eskolek –gogoratu behar da Gasteizen ez dagoela eskola pribaturik– ikasle atzerritarren %8 soilik hartzen dutela. Ume eta gazteen integrazioa berebizikoa da egun dugun segregazio sozioekonomikoa etorkizunean saihesteko. Gizarte bezala, hemendik hamar urtera egoera berdinean ez topatzeko, arazoari irmotasunez aurre egin behar diogu.
Albiste honi helduta, Gasteizen "eskola segregazioaren" inguruko ekitaldia antolatzea erabaki genuen, Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformari laguntza eta elkarlana proposatuz. Araban haiek baitira arazo honen ingurukoak era zuhurrenean aztertzen ari direnak. Eta, apirilaren 29an, 19:30ean Alde Zaharreko Burulleria plazan ekitaldia antolatuko dugu, batez ere, jatorri ekonomikoa duen segregazioaren nondik norakoak mahai gainean jartzeko.
Aurretik, 18:30ean, Koldo Mitxelena Institutoko DBHko eraikinean, merezi duen harrera eskainiko diegu Tuteratik autobusez datozoen karabana-kideei. Hortik kalejiran abiatuko gara Burulleria plazako ekitaldirantz.
Karabanari ongi etorria emateko, ekitaldian Mugak Zabalduz manifestua euskaraz, gazteleraz eta arabieraz irakurriz hasiko dugu. Ondoren, Maite Huarte Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformako kidea aipatutako otsailaren 26ko prentsaurrean azaldutakoaren inguruan arituko zaigu; lekukoa Goian, Alde Zaharrean elkarbizitzaren alde lan egiten duen egitasmo hezitzaile komunitarioari pasako dio. Arantza Basagoitik, Goianek jendarte kohesioa eta pertenentzia sentimendua sortzeko ahaleginean dituen helburuetaz arituko zaigu.
Ondoren, Gora Gasteiz-eko kide batek, Zuriñe Martinek, plataforma hark 2015ean lortutakoak kontatuko dizkigu. Urte hartan Javier Maroto popularrak hauteskundeetan botoetan irabazi zuen, baina gainontzeko alderdiek bat egin eta diskurtso xenofobo gezurtiaz baliatutako politikaria alkatetzatik kanporatzea lortu zuten. Kontu horiek dira Zuriñek gogora ekarriko dizkigunak, baita euren desegitetik 3 urteren bueltan jendartean somatzen den ikuspegiez.
Zubiak Eraikiz Elkarteko Gonzalo Larruzea izango da Burullerian Eskola Segregazioaz arituko zaigun azken hizlaria. Zubiak Eraikiz alderdi politiko ezberdinen arteko adostasunak bilatzeko lan zailean diharduen plataforma da. Eskola segregazioaz larrituta, Legebiltzarrera eramateko LHE-a (Legegintzako Herri Ekimena) prestatu du, Eskola Inklusiboa deritzona hain zuzen ere. Baita ezinezkoa zirudien zerbait lortu ere: EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta Alderdi Sozialista ados jartzea.
20:30ean leku aldaketa eginda, Gaztetxera joango gara Mursegok Idoia Zabaletaren laguntzarekin eskainiko duen %100 OION kontzertu–didaktikoaz gozatzera. Orain dela urte batzuk Oionen agertutako pintada xenofobo batzuei erantzuna eman nahian, Bitartean Jolasean elkarteari herriko biztanle guztien parte hartzearekin disko bat osatzea bururatu zitzaion. Adin eta etnia guztietako jendearen konpromisoarekin, Maite Arroitajauregi musikaria eta Idoia Zabaleta koreografoaren jakintasunarekin zurrumurruei eta aurreiritzi arrazisteen kontra talka egiten duen diskoa osatu dute. Hori da musika eta azalpenen bidez Gaztetxean aurkeztuko digutena.
Afaria, Tuteran eguerdiko bazkaria bezalaxe, Errefuxiatuak Martxan deituriko siriar errefuxiatu talde batek osaturiko catering enpresak banatuko digu. Beraz, Siriako jaki begetarianoak dastagai, indarrak berritu eta Makulu Kenek proposatuko dizkigun Euskal Afrobeat erritmoekin aurrera egiteko.
Ondoren Koldo Mitxelena Institutoko kiroldegira joango gara lo egitera. Hemendik gutariko askok ikasitako institutoari eskerrak eman nahi dizkiogu, eskaini dizkigun erraztazun guztiengatik.
Hurrengo egunean goiz esnatu, kafetxoa hartu eta berriro erasora. Hasieran aipatu bezala, Legebiltzarra ezin genuen alde batera utzi. Apirilaren 30erako bi ekintza prestatu ditugu, azkar egin beharrekoak biak. Alde batetik, 10:00etan Greziako antzerkian oinarrituta eta Dylan-en Masters of war abestia moldatuta performance bat egingo dugu katedral berriaren aurrean. Bertan, XXI. mendeko esklabotza (ume eta emakumeen esplotazioa, jornalari prekarioak, neskame ikusezinak…), gudak eta aldaketa klimatikoa bezalako gaitzak sortarazten dituen kapitalismoaren aurka arituko gara.
Ondoren, idatzitako manifestu bat Legebiltzarreko erregistrotik pasako dugu. Adierazpen horretan Eusko Jaurlaritzak armagintzara bideratutako aurrekontuak salatuko ditugu. ABC hedabidetik hartutako datuen arabera, 2016. urtean euskal armagintzak (armagintza astuna kanpo) fakturatutako dirutza 84.000.000 €-tik gorakoa da, Espaniako Estatuak fakturatutako guztiaren erdia gutxi gora behera. Zertarako erabiltzen diren arma horiek jakinda eta sortarazten dituzten heriotz eta migrazio arazoak ikusita, OEE-ek ez du hori inolaz ere onartuko. Gure politikariei ingurumena, izadia eta pertsonak gauza guztien gainetik ezartzen dituzten politikak eskatzen diegu. Bizitza izan behar du politikaren xedea, ez kapitala.