#LehenHitzaEUS kanpainarekin, Iñigo Etxezarreta, En Tol Sarmiento (ETS) Arabako ska-rock musika taldeko abesliarekin izan gara. Gasteiztarrak euskararen balioa argi du eta, bere ustetan, hiriaren bizitza eta kontsumoa geroz eta euskaldunagoa da, etorkizuna euskaraz datorkigula azaldu digu.
Arabar Errioxakoak zarete En Tol Sarmientoko taldekideak. Euskaldunak?
Taldea Iekora izena duen Arabar Errioxako herri txiki batekoa da. Bertan entsaiatzen dugu, baina gaur egun taldekide guztiak herritik kanpo bizi gara. Ni Gasteizen eta beste musikariak Logroñon eta Naxeran. Euskaraz hitz egiten duen bakarra ni naiz, izan ere, nire taldekide guztiak Euskal Herritik kanpo hazi dira.
Gustuko duzun alor batean euskara jorratzen bada eta ongi pasatzen baduzu, pixkanaka-pixkanaka euskararekiko dituzun mugak eta zailtasunak gainditzen dira.
Eta nola, zergatik erabaki zenuten euskarazko musika egitea?
Hasiera batean kostatu zitzaion taldeari erabaki hori hartzea, taldekide gehienek ez zutelako Euskal Herria ezagutzen. Lehenengo diskoan abesti gutxi batzuk konposatu genituen euskaraz, inguruan bizi ginenen egoera erosotik aldentzeko. Taldea Euskal Herri osotik hasi zen kontzertuak ematen eta, aldi berean, nolabait, gure lurraldea ezagutzen. Horrela, modu natural batean hasi ginen euskalduntzen.
Gainera, uste dugu badugula nolabaiteko eragina egungo gazteen hizkuntza ohituretan, edo horrela espero dugu, behintzat. Izan ere, gustuko duzun alor batean euskara jorratzen bada eta ongi pasatzen baduzu, pixkanaka-pixkanaka euskararekiko dituzun mugak eta zailtasunak gainditzen dira.
Eta zu, giro euskaldunean bizi zara?
Gaur egun, inguru euskaldun bat sortua daukat eta, orokorrean, euskaraz dakitenek euskaraz aritzen dira nirekin. Zorionez, taldearekin kontzertuak ematen ditugunean, giro euskaldun bat daukagu alboan eta oso naturala da euskaraz aritzea.
Kontsumitzailea zaren heinean, zer baloratzen duzu produktu edo zerbitzu batean?
Gasteizen bizi naizenez, bertan kontsumitzen dut gehiena (janaria, arropa, tresnak …) eta hirian ezin bada, hiritik gertu dauden lekuetan. Gauza batzuetan kalitateari ematen diot garrantzia (jatorria, materialak…), hala ere, beste batzuei ez diot asko erreparatzen. Hurbileko tratua gustuko dut zerbitzuetan, hau da, sortzen den elkarrizketa eta giroa kalitatezkoa izatea.
Erosketak egiterako garaian, lehen hitza euskaraz egiten duzu? Eskertzen duzu euskaraz artatuak izatea?
Asko eskertzen dut lehen hitza euskaraz izatea. Nahiz eta nire ikasketak euskaraz izan diren, giro ez euskaldun batean bizi izan naiz. Hori dela eta, hasiera batean asko kostatzen zitzaidan euskarazko lehen hitz hori. Hala ere, gaur egun, zorionez, gauzak asko aldatu dira Gasteizen eta askoz errazagoa da euskarazko kontsumoa.
Betiko ohiturak aldatzea zaila da, baina etorkinekin euskaraz hitz egiten badugu, seguruenik hemendik urte batzuetara euskarazko bizitza lortuko du Gasteizek.
Zein balio du zuretzat euskarak egunerokotasunean? zer eskaintzen dizu?
Duela urte batzuk oso zaila ikusten nuen nire bizitza euskaraz egitea, baina eraiki dudan bidean, euskarak garrantzi handia hartu du. Murgilduta nagoen gauza askotan euskarak presentzia handia du eta euskarari gabe nire bizitza oso desberdina izango litzateke.
Nolakoa da zure ustez Gasteizko egoera euskararekiko eta nola irudikatzen duzu etorkizuna?
Lehen komentatu dudan moduan, azken 10 urteetan gauzak izugarri aldatu dira gure hirian. Gaur egun, oso normala da euskara entzutea kaletik. Oraindik gauza asko eta asko daude egiteke baina norabidea badakigu zein den. Beharbada, betiko ohiturak aldatzea zaila da, baina etorkinekin euskaraz hitz egiten badugu, seguruenik hemendik urte batzuetara euskarazko bizitza lortuko du Gasteizek.
Zer esango zenioke Gasteizko merkatariei lehen hitza euskaraz hartzera animatzeko? eta kontsumitzaileari?
Bai merkatariari, bai kontsumitzaileari berdina esango nioke. Pertsona askorentzat lehen hitz hori oso garrantzizkoa dela. Elkarrizketa oso batean eragina daukala eta ez dagoela ezer galtzerik.
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.