Bizirik irauteko garaipena

Aritz Martinez de Luna 2018ko api. 24a, 23:10

88-83 garaituta, kanporaketako laugarren partida jokatuko dute gasteiztarrek ostegunean.

Partidan buru belarri sartuta heldu dio Baskoniak parez pare zuen erronkari. Halere, Obradovicek partida aurretik adierazi bezala, kanporaketa gaur bertan utzi nahi zuten turkiarrek erabakita eta lehen laurdena aurretik bukatzea lortu dute (19-20). Egun, Fenerbahce da zalantzarik gabe Europako talde onenetarikoa eta jokalari multzo aparta dauka Obradovicek bere gidaritzapean.

Burua makurtu ordez, garaipen gosea nabaria zen hirugarren partida honetan eta lehen bi partidetan gertatu ez bezala, jokalari ezberdinek aurrerapausoa eman dute. Beauboisek erakustaldia eman du erasoan (21 puntu, 5 asistentzia) eta aurrekoetan desagertuta egon diren Marcelinho (11 puntu, 7 asistentzia), Timma (8 puntu, 4 errebote), Voigtmann  (12 puntu, 3 errebote) edo Poirier (12 puntu, 7 errebote) bezalako jokalariek berrogei minututan partidan sartuta egotea lortu dute.

Talde lanean oinarritu da gaurko garaipena. Erasoan jokalariek erabakiak hartzeko ausardia erakutsi dute, eta denek eman dute beraien esku zegoen guztia. Horrez gain, aurkarien kalitatea geldiarazteko egindako defentsa lana goraipatzekoa izan da. Pedro Martinezek gaurkoan asmatu egin du Obradovic maisuaren xake partidari erantzuna ematen eta bere jokalariek ezin hobe burutu dute agindutakoa.

Istiluak partida aurretik

Indar Baskoniako zaletuek deialdia egina zuten partida aurretik jokalariei Buesa Arenara harrera egiteko. Harrera horretan zenbait istilu gertatu dira poliziarekin bengala batzuen jaurtiketa dela eta. Beste zenbait kasutan bengala horiek ere erabili izan dira, Indar Baskoniak adierazi duenaren arabera, aldez aurretik Baskoniako arduradunekin esparru zehatz bat finkatuta. Gaurkoan ordea, ezohiko istilua izan da Indar Baskoniako zenbait kide eta Ertzaintzaren artean. Egoera hori salatzeko, intxa taldea ez da harmailetan egon partidaren lehen zatian zehar eta partida erditik aurrera hartu dute beraien tokia harmailetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide