Hil ala bizi

Aritz Martinez de Luna 2018ko api. 24a, 09:45
Wanamaker antolatzailea nagusi izan lehen bi partidetan. Argazkia:euroleague.net

Kanporaketako hirugarren partida derrigorrez irabazi behar du Baskoniak txapelketan jarraitzeko (Buesa Arena, 21:00).

Lehen bi partidak Istanbulen galdu ondoren, gaur iluntzean Gasteizen jokatuko dute Baskonia eta Fenerbahcek final-laurdenetako hirugarren norgehiagoka. Talde gasteiztarrak ezinbestean garaipena lortu beharra dauka, ostegunean balizko laugarren partida jokatu nahi izatekotan.

Pedro Martinezen mutilek Istanbulen jokatutako lehen bi partidetan irudi nahiko ona eman badute ere, momentura arte kantxan ikusitakoak Fenerbahce maila bat gorago dagoela argi utzi du. Wanamaker izan da orain arte jokalari onena, Baskoniako bi joko antolatzaileen aurrean nagusi izan baita bere abiadura eta gorpuzkera handiagoari esker. Barne jokoan ere gasteiztarrek ezin izan dute Vesely-ren mugikortasun eta salto egiteko gaitasuna geldiarazi.

Halere, lehen partidarekin alderatuta, bigarrenean esperantzarako zenbait aldaketa ikusi ahal izan ziren kantxan. Aurtengo denboraldian ohikoa izan da Baskoniaren erasoko jokoa baloi zirkulazioan eta extra-pass hori bilatzen ikustea; Fenerbahcek ordea, ez dio joko mota hori egiten utzi eta defentsa ezin hobea antolatu du Obradovicek joko hori geldiarazteko. Aldatu beharra zuen Baskoniak eta Vildozak erakutsi zuen, hein handi batean, nola puskatu turkiarrek egiten duten defendatzaile aldaketa automatikoa, barneraketak egitean da gakoa. Joko horretan, Granger izan liteke gaurkoan nobedade nagusia. Min hartuta egon da eta entrenatzeko astirik izan ez badu ere, gustoko du uruguaiarrak erasoko joko mota hori eta turkiarren defentsa apurtzen lagundu dezake. Iluntzean ikusiko dugu Baskoniak Finalfour-arekin amesten jarraitzeko aukerarik ote daukan oraindik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide