Alavesek Lehen Mailan jarraituko du

Ibon Gorrisi 2018ko api. 23a, 10:38
Garaipenak poza piztu du jokalarien artean. / Alaves

Talde arabarrak "ezina ekinez egina" helburua lortu du.

Huts eta lau Las Palmas taldeari irabazi ondoren, poza erabatekoa zen jokalari eta zaleen artean. Hau da hau Alavesek lortu duena! Ez da batere erraza izan, oso zaila eta korapilatsua. Denboraldiaren hasiera kaxkarra baino kaxkarragoa izan zen. Ezin irabazi.

Handik gutxira, entrenatzaile aldaketa; halere, aldeak ez zuen hobera egin. Azkenik, Abelardok hartu zuen taldea eta Gironaren aurka garaipena lortu zuen. Partida hark erabat aldatu zuen taldearen norabidea.

Las Palmas taldearen aurka hiru puntuak lortuta, Alavesek matematikoki ziurtatu du hurrengo denboraldian onenen artean lehiatzen jarraituko duela. Irlako taldea, ordea, kinka larrian gelditzen da eta ia-ia ziurra da Bigarren Mailara jaitsiko dela.

Lehen zatian partidak ez zuen gauza handirik eman. Las Palmasek garaipena behar zuen nahitaez mailari eusteko, baina ezinean aritu zen. Alaves ondo jarrita zegoen futbol zelaian, atzealdean zirrikiturik utzi gabe. Horren ondorioz, ez batak ez besteak ez zuten gol aukerarik sortu.

Bigarren zatian, hasi bezain pronto, 51. minutuan Munirrek buruz sareetara bidali zuen baloia eta hortik aurrera Alavesen nagusitasuna erabatekoa izan zen. Bigarren eta hirugarren golak 73 eta 79 minutuetan etorri ziren, berriz ere Munirrek eta Medranek egin zuten. Las Palmas etsita zegoen erabat eta taldearen zaletuak futbol zelaitik alde egiten hasi ziren. Gauzak horrela, laugarrena etorri zen Sobrinoren bitartez.

Emaitza borobila eta gainera lortutako hiru puntu horiek hurrengo denboraldian berriz ere Lehen Mailan jarraitzeko aukera ematen dute.

Orain zaleekin batera ospatu beharra dago lortutako helburua.

Ezina zirudiena ekinez egina.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide