Bigarren aukeraren bila

Erredakzioa 2018ko api. 20a, 11:18
Argazkia: euroleague.net

Gaur iluntzean (19:45) jokatuko dute Fenerbahce eta Baskoniak Istanbulen kanporaketako bigarren partida.

Astearteko porrota ahaztu eta kanporaketa berdintzeko asmoz kantxaratu beharko dira gaurkoan gasteiztarrak. Lehen partidako hasierako minutuak lehenbailehen burutik kentzen saiatu beharko dira Pedro Martinezen mutilak, ezinbestean.

Aurreko egunean ikusitakoak argi utzi zuen zergatik izan den Fenerbahce fase-erregularreko defentsarik onena izan duen taldea. Obradovic azeri zaharrak hasieratik ezin hobe egin zuen jokoaren irakurketa eta armiarma-sare gogaikarria ehundu zuen Baskoniaren erasoko jokoa itotzeko. Hogei puntuko aldea azkar erdietsi zuten turkiarrek eta garaipena minutu askoren faltan erabakita zegoela argi xamar geratu zen.

Halere, Baskoniak maiz erakutsi izan du ez dituela partidak galdutzat ematen, egoera latza izan arren, garaipen gosea duen talde gaztea dela, eta bigarren zatia horren adibide izan zen. Pixkanaka gasteiztarrak konfiantza gehiagorekin jokatzen hasi ziren, barneraketak egiten hasi ziren eta markagailuko aldea murrizten joatea lortu zuten. Momenturen batean Fenerbahce urduritzeraino gerturatu ziren, ez nahikoa tamalez. Zapore gazi-gozoa utzi zuen azkenean partidak.

Bigarren partidara begira, lehengoan desagertuta ibili ziren jokalariak aurpegia ematen saiatu beharko dira: Voightmann, Timma edo Poirier, esaterako. Gainera joko gidaritzan Granger uruguaiarraren falta izanik, taldekideek jokoaren atal horretan laguntza eman beharko diete joko antolatzaileei. Zorionez, garaipen gose gehien erakutsi zuen jokalaria, Vildoza antolatzaile gaztea izan zen eta taldekideei garaipenerako bidea zein izan daitekeen erakutsi zien.

Final-laurden hauetako beste kanporaketan ikusitakoak ere zer ikasi emango die gasteiztarrei. Lehen partidan Real Madrilek 95-67 galdu ostean, bigarren partidan garaipen garrantzitsua erdietsi dute Panathinaikosen kantxan, 82-89.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide