Partidaren hasiera bizia eta bukaera erotzeko modukoa izan da. Azkenengo minutuetan denetatik gertatu baita. Penaltia, golak, balio gabeko golak, txartel horiak, jokalarien arteko liskarrak, bultzadak…, azken finean epailea jaun eta jabe.
Alavesek gutxienez merezimenduak egin ditu berdinketa lortzeko. Ez du aparteko partidarik egin. Lehen zatian zortea alde izan du eta ez du golik jaso. Bigarrenean, ordea, garaipena lortzeko aukerak sortu ditu. Baina, esan bezala, epaileak erabat baldintzatu du emaitza. Izan ere, 57. minutuan, Sobrinok buruz saretara bidali du Ibaik erdiratutako baloia, baina jokoz kanpo adierazi dute. Jokaldi erabakigarria izan da, une horretan berdinketa zegoelako Mendizorrotzako markagailuan.
Hurrengo jokaldian Gironak huts eta bateko egin du eta partida maldan gora jarri da. 59. minutuan Aleix Garciak zuzenean bidali du sarera falta jaurtiketa, defentsa eta Pachecoren hutsa baliatuta. Halere, etxekoek, zaleen bultzada paregabearekin, partida erotu dute eta 78. minutuan Sobrinok, berriz ere, berdinketa egiteko aukera paregabea izan du, baina irristatu eta kanpora bidali du baloia. Ze zorte txarra!
Hori gutxi balitz, azkenengo minutuetan, berriz ere, epailea agertu zaigu. 83. minutuan Alavesen kontrako penaltia adierazi du eta nola ez, Stuanik ez du hutsik egin. Dena erabakita zegoenean, lehen itzuliko emaitza etorri da denon burura. Abelardoren lehen norgehiagoka zen eta hor hasi zen susperraldia. Bi eta huts galtzen joan ondoren Ibaik hiru gol egin zituen eta aspaldiko partez hiru puntuak. Oraingo honetan ez da horrela gertatu baina 91. minutuan Pinak gola egin du.
Porrota etxean, baina helburua gero eta gertuago. Hamabost puntu gelditzen dira jokoan eta A Coruñako Deportivori hamaika ateratzen dizkio, beraz, urrats txiki-txikia falta da mailari eusteko.