Harrikada batera izango dituzte arabarrek musika elektronikoaren azken joerak: irailaren 7tik 9ra, Harrikada jaialdiaren lehenengo edizioa egingo dute Ozeta herrian, Garaion Sorgingunea izeneko sormen-etxean. Bertan, Berlingo eta Euskal Herriko DJak arituko dira; halaber, kontzertu akustikoak, hitzaldiak eta ikastaroak eskainiko dituzte hiru egunez.
Festibalaren izen bereko elkarte jaioberriak antolatu du hitzordua. Galder Ruiz Alvarado taldekideak aurreratu duenez, "Berlingo azpikultura elektronikoak liluratuta" abiatu zuten proiektua. Batetik, "giro elektroniko hori ekarri" nahi zutelako Arabara, eta, aldi berean, zubiak sortu nahi zituztelako, "Berlingo sortzaileak hona ekartzeko, eta hemengoak han ezagutarazteko".
Maiatzean aurkeztuko dute kartela, eta orduan hasiko dira txartelak saltzen jaialdiaren webgunean bertan (www.harrikada-festibala.com). Oraingoz, zera aurreratu dute: Koloniako Cafe Güzel kolektiboa egongo dela irailean jaialdian, eta erlaxatzeko gune bat jarriko duela.
Aurrez aurreko aurkezpena ere egingo dute, ekainaren 8an Gasteizko Gaztetxean; ordurako, "egitarau zabal bat" prestatzen ari dira.
"Errespetuan oinarritua"
Jaialdiaren baloreetan indarra jarri dute antolatzaileek: "Errespetuan oinarritutako festibala nahi dugu, ingurumena zainduko duena eta bertako produktuak erabiliko dituena". Halaber, esan dute ez dutela onartuko generoa, jatorria, erlijioa, aniztasun funtzionala eta sexu-aukeragatiko diskriminaziorik; ezta gorputz ez-normatiboekiko jarrera baztertzailerik ere.