Finalfour-erako txartela jokoan

Aritz Martinez de Luna 2018ko api. 17a, 16:56
Baskoniak eta Fenerbahcek fase erregularrean jokatutako partida. /Euroleague.net

Asteazken eta ostiral iluntzean jokatuko dira kanporaketako bi lehen partidak Istanbulen.

Iritsi da zaletu guztiek begiz jota zuten momentua, Finalfour-erako txartela lortzeko aukera eman dezakeen final-laurdenetako kanporaketa. Urte hasiera latza izan bazuten ere, lau porrot lehen lau partidetan eta ondorioz Prigionik taldea utzi behar izana, Pedro Martinezek taldearen gidaritza bere gain hartu zuen momentutik goranzko joera erakutsi dute gasteiztarrek. Zaletu sutsuenek ere zail ikusten zuten aurtengo denboraldian fase erregularra zortzi talde onenen artean sailkatzea, baina jokoan izandako bilakaera onak eta taldearen grinak egoera horri buelta ematea lortu dute azkenik.

Fase erregularrean eskuratutako zazpigarren postuak Fenerbahce talde Turkiarraren aurka jokatzera behartuko du Baskonia. Ezin ahaztu, aurten gora-beherak izan baditu ere, egungo txapelduna dela eta bere entrenatzailea, Zeljko Obradovic, Euroligan titulu gehien eskuratutako entrenatzailea dela, 9 hain zuzen ere.

Gutxi ez balitz, Europako saskibaloi taldeen artean aurrekonturik handienetakoa duen taldea da Istanbulgoa (30 milioi inguru) eta jokalari multzo aparta elkartu du aurtengoan. Iazko txapelketan onenetakoak izan ziren Bogdanovic eta Udoh izarrak ordezkatzeko, Marko Guduric eta Jason Thompson fitxatu dituzte aurtengoan, eta taldean jarraitzen dute Vesely, Wanamaker edota Datome bezalako jokalari apartek.

Izenak izen, Fenerbahce talde bat da, ez du jokalari baten menpekotasunik erakusten, eta edozeinek hartu dezake taldearen gidaritza. Horrez gain, aurtengo denboraldian defentsarik zorrotzena erakutsi duen taldea izan da, eta batez-beste 73,6 puntu besterik ez du jaso kontran.

Kanporaketako gakoa ziurrenik Baskoniaren saskiratzeko gaitasunean egongo da. Turkiarren defentsa apurtu eta erritmo joko bizia ezartzen badute, Finalfour-erako urrats handia egingo dute Zurbaoko mutilek. Tamalez, joko bizi horretan gaitasun gehien erakutsi duen joko antolatzailea, Jason Granger, minak hartuta dabil eta ezin izango ditu Istanbulgo lehen bi partidak jokatu.

Bost partidako kanporaketan, hiru garaipen eskuratu beharko ditu Belgradoko Finalfour-ean egon nahi duen taldeak. Baskoniaren kaltetan, kantxa-faktorea eta ondorioz lehen bi partidak Istanbulen jokatu beharko dituzte.

Aurrekariak

Orain arte Euroligan bi taldeen artean jokatutako norgehiagoken balantzea Baskoniaren aldekoa da, 13 garaipen izan dituzte gasteiztarrek eta 8 turkiarrek. Halere, bi taldeek ez dute inoiz elkarren aurka lehiatu final-laurdenetan eta zuzeneko kanporaketa bakarra 2016. urteko Finalfour-eko final erdia izan zen. Partida hartan, Fenerbahce izan zen garaile luzapenean eta turkiarrek eskuratu zuten finalera txartela.

Horrez gain, aurtengo fase erregularrean jokatutako bi partidetan garaile izan ziren turkiarrak (69-83 Gasteizen eta 79-74 Istanbulen). Gasteiztarrentzat aurrekari txarrak izan arren, sasoirik onenean iritsiko dira Pedro Martinezen mutilak kanporaketara eta biek ala biek izango dituzte aukerak.

 

Kanporaketaren egutegia

 

1. partida: Apirilak 18, 19:15 (Istanbul)

2. partida: Apirilak 20, 19:45 (Istanbul)

3. partida: Apirilak 24, 21:00 (Gasteiz)

4. partida: Apirilak 26, 21:00 (Gasteiz), jokatu behar izatekotan.

5. partida: Jokatu behar izatekotan, zehazteke.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide