Aldi batekoak dira Arabako osasun sarean 2017an egin diren kontratuen erdia baino gehiago. LAB sindikatuak salatu du kontratu mota horren atzean finkoak izan beharko liratekeen 400 lanpostu "ezkutatzen" ari dela Osakidetzako zuzendaritza. Eta gaineratu du: "Arabako datuak estrapolatuz gero, bideratzen ari den Lan Eskaintza Publikoaren neurriko beste LEP bat egin beharko litzateke".
2017an, Lehen Mailako Arretan eta Ospitaleko Arretan, eginiko kontratazioen inguruko datuen azterketa egin du LABek, eta hainbat "irregulartasun" atzeman ditu. "Ez da erraza izan; aurreko urteetako datuak aztertu nahi genituen ere, baina eman dizkiguten txostenak ez dira batere gardenak", salatu du sindikatuak. Osasun mentalaren alorreko datuak ere aztertu dituzte.
Arabako osasun sarean eginiko 14.978 kontratuetik %54 "egoeraren araberakoak" edo "zerbitzuaren beharrak betetzeko" izan direla ikusi dute. Behin-behinekoak izateaz gainera, kontratu mota hauen atzean "iruzurra" dagoela nabarmendu du sindikatuak: "Egoeraren araberako kontratazioan ematen den erabateko kontrol ezak tarte handia uzten dio iruzurrezko erabilerari. Hala, arduradun batzuek lanpostuak modu interesatuan kudeatzen dituzte, eta kontratu mota hauek dira hurbilenak diren pertsonak kontratatzeko erabiltzen den modurik ohikoena". LAB sindikatuaren iritziz, aldi bateko kontratuetan oinarritutako ereduak "antolaketa kaosa" sortu du.
Irakurri albiste osoa ALEA aldizkariaren hurrengo zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.