GED Gure Esku Dago mugimenduaren eledun Zelai Nikolasek gaur Gasteizen iragarri duenez, dagoeneko, erakunde honek "1.000 arrazoi" bildu ditu erabakitze eskubidearen alde. Izan ere, mugimenduak 2.019 biltzeko asmo du ekainaren 10 baino lehen, egun horretan burutuko baita Donostia-Bilbo-Gasteiz lotuko dituen giza katea.
Aipatu ekimen horren aurkezpen ofiziala gaur egin da Gasteizko Goiuri jauregian, Mikel Saez eta Ane Pedruzo kazetarien eskutik. Aretoa jendez beteta zegoela egin du iragarpena Zelai Nikolasek. Ekitaldian zeuden erabakitze-eskubidearen alde dauden hainbat alderdi politiko nahiz gizarte-mugimenduetako ordezkariak; besteak beste, Jose Antonio Suso ABBko presidentea, Iñaki Prusilla EAJko zinegotzia Gasteizen eta Miren Larrion eta Antxon Belakortu EH Bilduko legebiltzarkide eta zinegotzia hurrenez hurren.
GED Gasteizko ordezkari Josu Olanok eta Lorea Hernandezek ekainaren 10eko ekimenak Gasteizen duen protagonismo berezia azpimarratu dute, eta, alde horretatik, jendea bertan parte hartzera animatu dute. Orobat, esan dute datorren ostiralean, hilaren 20an, 21:00etan GEDren dendaren inaugurazioa izango dela. Denda Aiztogile kalean (70. zenbakian) dago. Ekitaldia irekia izango da.
GED Gasteizko komunikazio arduradun Txema Ramirez de la Piscinak datorren larunbatean eta igandean grabatuko den spotaren informazioa eman du. Spot horretarako 400 estra behar dira. Filmazio-lekuak hauek izango dira: larunbatean, 11:30ean, Aihotz plazan eta 16:30ean Txagorritxuko “Ovniaren plazan” (Argentina eta Txile kaleek bat egiten duten eremuan); igandean Salburuko Ekialdeko parkean izango da, 11:30ean
Gasteiz Kantuz abesbatzak Mikel Laboaren Martxa baten notak interpretatu du. Amaieran bertaratutakoek “familiako argazkia” atera dute.